Patronalak Sektorearteko Akordioa ELAk eskatutako moduan negoziatzea onartu du

2016/11/30
Gaur goizean Lan Harremanen Kontseiluko egoitzan izan den bileran EAEko Sektorearteko Egitura-Akordio bat negoziatzeko mahaia eratu da. Confebaskek sindikatuei agiri bat aurkeztu die negoziatzen hasteko. Ordezkari sindikal eta patronalek hurrengo bilera urtarrilaren 10erako deitu dute, gaur mahairatutako agiria aztertu ostean.

Confebaskek posizioz aldatu eta ez du bake soziala baldintza gisa jarri akordio bat iristeko; honen helburua da EAEko lan-hitzarmenek estatu mailakoen aldean lehentasuna izatea. GAREN, EAE mailako patronal berria izanik, negoziazio honetako partaide izan ahal da ordezkariza egiaztatzen duenean.

Halaber, bileran agerian geratu da behar-beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzak patronalen benetako ordezkaritza zein den erabakitzeko prozedura bat paratzea, zeina gardena, fidagarria eta publikoa izango den. Hain zuzen, ELAk dagoeneko 2014ko ekainean adierazi zuen hau premiazkoa zela. Beraz, sindikatu honek Urkulluren gobernu berriari eskatu dio prozedura hori martxan jar dezala.

ELAk argi utzi nahi du egitura-akordio bat finkatzeko asmo irmoa duela, EAEko akordio sektorialak hitzarmen estatalen inposiziotik babesteko, hauek miseria eta prekaritatea besterik ez baitute ekartzen.