Aurreakordioa Gipuzkoako garraio zerbitzuan
ELAk aurreakordioa lortu du Avanzan, Gipuzkoako Lurraldebuseko garraio zerbitzuan, soldatetan eta lan baldintzetan hobekuntza garrantzitsuekin. Akordio hori Avanzako langileen batzarrak babestu du.
Lortutako hobekuntzen artean, lanaldi murrizketa nabarmendu behar da. Horrela, Avanza izango da Lurraldebuseko lehen azpikontrata urteko lanaldia 1.592 ordutan mugatuko duena, eta horrek esan nahi du beste taldeetako langileek baino 170 ordu gutxiago egingo dituztela lan.
Soldatei dagokienez, % 12,1eko atzerapenak ordainduko dira, eta bermatuko da KPI gehi gutxienez % 1ko igoera. Gainera, gidari guztiek lan-baldintza berberak izango dituzte, eta lehen aldiz, lan poltsa bat sortuko da behin-behineko pertsonentzat. Nabarmentzekoa da, halaber, txanda-kontratua iraunkorra izango dela.
Akordio hori 24 greba egunen ostean eta greba mugagabea deitzeko atarian lortu da.