Sopelako Bilduk ardugabekeriaz jokatzen du eta ELAko afiliatuak jazartzen ditu diziplinazko espedienteak zabalduaz
Ez da Sopelako udaleko Bilduren Gobernu taldeak, ELAko afiliatuak diren langileen aurka egiten duen lehen aldia, baina azken asteetan, egoera honek okerrera egin du nabarmen.
Abenduan, Bizkaiko administrazioarekiko auzi bideko epaitegiak, Sopelako Udaltzaingoaren azpiofizial eragilearen izendapena nulua zela deklaratu zuen, Sindikatuari arrazoia emanez. Sententzia hau errekurritzeko aukera izanda ere, Saioa Villanuevak gidatzen duen Gobernu taldeak ez du batere begi onez ikusi. Epai hori jakin zenetik, 5 espediente berri hasi edo berriz ere zabaldu ditu udalak. hilabete edo urte asko atzera eginez, kausa horiek 2013ko abendura ekartzen dituzte, ELAko afiliatuak diren langileen aurka egiteko
ELAk argi ikusten du, ekintza guzti hauek Sindikatua bera kaltetzeko egin dituela Sopelako udalak. Gainera, alkateak arduragabekeriaz jokatzen duela salatu nahi dugu, asmo onez eta herritarrei kalitatezko zerbitzu bat emateko helburuarekin lan egiten duten udal langileak zigortzen baititu.
Saioa Villanueva buru duen Gobernu talde honek, dekretu bidez gobernatzen du, ELArekin eta Sopelako udaleko ELAko ordezkari sindikalekin daukan obsesioak bultzatuta. Ez da Sopelako udalean legitimitatea kendu nahi izan eta ELAren aurka egiten den lehen aldia, izan ere, udaleko langileen lan baldintzak arautzeko hitzarmenaren negoziazioan, bide honetan lehen pausuak eman baitziren.
Eraso onartezin hauen aurrean, ELAk juridikoki ere babestuko ditu zigortutako langileak eta udal langile guztiak. Hala, udal Gobernu taldeari, Saioa Villanueva alkateari eta Bilduri zigorren politika hau alde batera utzi, langileak errespetatu eta Sopelako herritarren alde gobernatzeko exijitzen diogu.