ELAk Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu du, eta greba mugagabeari eutsi dio
ELAk salatu duenez, negoziatzeko borondaterik erakutsi beharrean, enpresak greba eskubidea urratzen ari da, grebalarien lanpostuak kontratazio berriekin ordezkatuta. Jokabide hori Lan Ikuskaritzan salatu dute langileen ordezkariek.
Bergarako eta Zarauzko Itasua ITVko 55 langileek greba mugagabeari eusten diote, Gipuzkoako gainerako ITVetako lan baldintzekin parekatzea eskatzeko. Urtean 133 lanordu gehiago egiten dituzte, eta urteko soldatan 2.000 eta 6.000 euro arteko aldea dago gainerako ITVetako langileekin alderatuta. Bien bitartean, ELAk nabarmendu du enpresaren jabeek azken urteetan sei milioi euroko dibidenduak banatu dituztela.
Egoera horren aurrean, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio gatazkaren konponbidean inplikatzeko. Haren ustez, Jaurlaritzari dagokio ITV zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatzea, baita kudeaketa eredua irizpide ekonomiko hutsen mende gera ez dadin zaintzea ere.
ELAk azpimarratu du herritarrentzat nahitaezkoa den zerbitzu batek sortzen dituen irabaziak ez direla langileen lan baldintzak hobetzera bideratzen. Horrenbestez, jakinarazi du mobilizazioei eutsiko diela, eta areagotu ere egingo dituela, hitzarmen propioa adostu arte.