10 urte UPN gabe, gauzatu gabeko aldaketa

2025/10/14
10 urte UPN gabe, gauzatu gabeko aldaketa
Imanol Pascual Ariz, ELAko Nafarroako koordinatzailea
Ilusio handia piztu zuen boterean 25 urte egin eta gero UPN Nafarroako Gobernutik atera zuten une hark. Hori gerta zedin funtsezkoa izan zen hainbat herri-mugimenduk 2008tik aurrera garatu genuen murrizketa sozialen eta ustelkeriaren kontrako mobilizazio dinamika, sei greba orokor barne.

Ordutik hona hamar urte joan dira, eta tarte honetan agintean izan diren alderdiek aski denbora izan dute aurreko politikak baztertzeko; ezin dute esan astirik ez dutenik izan "erregimeneko urte"etatik zetorren zama gainetik kentzeko. ELAk honi buruzko dokumentu bat egin du, eta bere independentzia politiko eta ekonomikotik abiatuta, azken hamar urteen analisi zorrotz eta zintzoa egin nahi izan du; batez ere politikak behatu ditugu, eta iritzia ematerakoan ez diogu erreparatu zeintzuk izan diren haiek bultzatu dituzten alderdiak. Urte hauetan ELAk behin eta berriz esan du gobernu aldaketa ez dela derrigor aldaketa politikoaren baliokide. Hain zuzen horixe da hamarkada honen balantzeak berretsi duena.

Hamar urteon balantzea egiterakoan beharrezkoa da gogoratzea nondik gentozen. "Erregimena" edo "Corralito foral" delakoa nagusi izan den 25 urteak oso gogorrak izan ziren; eraso egiten zitzaien sektore herritar eta abertzaleei, baita ELAri ere.

UPN gobernutik ateratzeak nafar gizartea anitza zela aitortzea ekarri zuen. Une hartatik aurrera UPNren garaian pentsaezinak ziren politikak ezarri dira, esaterako poliziek torturatutako jendeari egindako aitortza, Eliza katolikoan izandako pederastiaren biktimen legea edota hezkuntzan Skolae programa aplikatu izana. Memoria demokratikoari dagokionez ere aurrerapauso handiak izan dira, baina hauek lausotu egin ditu Erorien Monumentua ez eraisteko erabakiak.

Haatik, 2015etik aurrera gobernuan izan diren edo hura sostengatu duten alderdiek (PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, Izquierda-Ezkerra eta Contigo-Zurekin) ez dute erabaki Nafarroako botere ekonomiko eta enpresen pribilegioei erasango zien aldaketa estrukturalik. Horra zergatik dirauen indarrean Sanz eta Barcinaren gobernuek ezarritako politikaren zati handi batek: Fiskalitatea ia ez da aldatu; abiadura handiko trenaren lanak ez dira gelditu; euskara ez da normalizatu, eta UGT, CCOO zein CENentzako finantziazioa berrezarri egin dute. Hain gai garrantzitsuetan aurrera egin ez izanak frustrazioa eta aukera bat galdu delako sentipena eragin du, batik bat lehen legegintzaldian, PSNren botoak beharrezko ez ziren hartan.

Nafarroako ekonomia hamar urteotan hazi egin da, baina zerga-erreformarik egin ez denez, hazkunde ekonomikoarekin batera pobrezia-arrisku tasa handitu egin da, % 14tik %18ra. Datu hauek agerian uzten dute UPNtik ezkerrerako alderdientzat aberastasunaren banaketa ez dela lehentasuna izan.

Jakina, UPN gobernutik kanpo izatea albiste oso ona da, baina hausnarketa politikoa horretara mugatuz gero nekez neurtu ahal izango da aldaketaren benetako munta. Ez gatoz bat diskurtso goxo batzuekin, hauek bigarren planoan kokatzen baitituzte lehengoan jarraitzen duten gaiak, eta horrek moteldu egiten du gauzatu gabeko helburuen aldeko lana. Urriaren 18an Manu Robles-Arangiz Fundazioak mahai- inguru bat antolatu du Katakraken gai honen inguruan; hainbat hizlarik aldaketaren irismena aztertuko dute arloka: euskara, pobrezia, feminismoa, ingurumena edo etxebizitza.

Esperientziaz badakigu herri-mugimenduen eta sindikatuen eginkizuna dela kaletik eta lantokietatik presioa egitea, politikak beharrizan sozialen araberakoak izan daitezen, ez elite ekonomiko, erlijioso, edo enpresen interesen neurrikoak. Badakigu hau ez dela erraza, eta ekintza instituzionala ez dela nahikoa; aitzitik, behar-beharrezkoa da herri-mugimenduen presioa eta antolakuntza, hori baita zinezko aldaketa prozesua bultzatzeko modu bakarra. ELAk konpromiso hori bere egingo du eta lanean jarraituko du, independentzia politiko eta ekonomikoa oinarritzat hartuta, aldaketa ez dadin gobernuen txandakatze hutsa izan; guk Nafarroa solidarioagoa, euskaldunagoa eta berdinzaleagoa nahi dugu.