EUDEL

ELAk 4.000 atxikimendutik gora entregatu ditu udal langileen lan baldintzak hobetzeko

2025/11/06
ELAk 4.000 atxikimendutik gora entregatu ditu udal langileen lan baldintzak hobetzeko
Udal esparruko ehunka ELAko militanteek aurrera eraman duten manifestazioa Eudeleko egoitzan bildutako sinadurak erregistratuz amaitu da . Mahai negoziatzailetan aurrera pausoak ez badaude, mobilizazioak indartuko dira.

ELAk manifestazioa egin du Bilbon, udaletxetik Eudelera, eta bertan azken asteotan bildutako udal langileen sinadurak entregatu ditu. Udaletako langileen eskaria zehatza da: udaletako zein Udalhitzen negoziazioa bultzatzea aldarrikapen zehatz batzuekin, hala nola, erosteko ahalmena berreskuratzea, lan kargak arintzeko neurriak, lan osasunaren hobekuntzak, lanaldiaren murrizketa, plantillak gaztetzeko eta behin-behinekotasuna murrizteko neurriak edo euskarazko zerbitzuak bermatzea.

Sinadura emate horretan, Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikotako arduradunak adierazi du “iritsi dela garaia udaletako langileen lan baldintzak hobetzeko”. Izan ere, salbuespenak salbuespen, 15 urte dira udal langileen hitzarmenak ez direla berritzen. Ondorio larriak ekarri ditu horrek, bai langileen lan baldintzetan, bai herritarrek jasotzeko duten zerbitzu publikoan. “Beste beste, pribatizatutako zerbitzuak handitu dira, hiru langiletik bat behin-behinekoa da, eta lan osasun mentalaren arazoak areagotzeaz gain, 2022tik erosahalmenaren galera %8koa izan da”. Gainera, “hitzarmenetan plantillak gazteberritzeko aurreikusitako neurriak ez dira aplikatzen eta ez da bermatzen euskara lan hizkuntza izatea”, ziurtatu du. Horren aurrean Eizagirrek esan du Eudel osatzen duten EAJ, EH Bildu eta PSEko ordezkariek borondatea erakutsi dutela lan baldintzak hemen erabakitzeko eta hobetzeko, eta behingoz Madrilen aitzakiarekin amaitzeko. “Orain hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da. Aurrerapausoak ez badaude mobilizazioak indartuko ditugu”.

Ildo horretan, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazioa eta Autogobernuko Sailburuari zuzendu zaio Eizagirre. Izan ere, Ubarretxenak gaur aurkeztuko du Legebiltzarrean 2026ko aurrekontuetarako bere sailaren proposamena. Bada, Jaurlaritzako 115.000 langileen lan baldintzen arduradun nagusia eta autogobernantzako arduradun den heinean, ELAk zera eskatu dio: EAJ, EH Bildu eta PSEko ordezkariak Eudelen adierazitako borondate berbera azaltzea gaur legebiltzarrean, eta horrek esan nahi du alde batera utzi behar duela Madrilen aitzakia bere menpeko langileen lan baldintzak okertzeko, eta lan baldintzak hemen erabakitzeko eta hobetzeko hautua egin dezala eskatu dio Gizalaneko idazkari nagusiak. “Badakigu orain arte bezala jarraitzeak ze ondorio dituen: langile publikoen %42 dira behin-behineko, zerbitzuek ez dituzte herritarren beharrak betetzen, euskarazko zerbitzua eta lan egiteko eskubidea ahulduta, eta lan osasun arazoak handitu dira, batez ere osasun mentalen”.

Eudelen nola, azken astean bildutako atxikimenduak udalei ere eman zaizkie eta dozenaka ekimen eta kontzentrazio gauzatu dira herriko etxeetan. Bestetik, bihar Udalhitzeko mahai negoziatzailea bilduko da Eudelen. ELAk aztertuko du bilera hori, baina lan baldintzak hobetzeko aurrerapausorik ematen ez bada, ELAk mobilizazio eta greben deialdia baloratuko du. ELAk argi du langileen mobilizaziotik eta aktibaziotik soilik etorriko direla lan baldintzen hobekuntza, dela Udalhitzen bidez, dela udal bakoitzeko mahaietan lortutako akordioen bidez.