IBAIONDO ADINGABEEN ZENTROA (ZUMARRAGA)

Eusko Jaurlaritzak lan-baldintzak okertu nahi ditu

2026/02/11
Eusko Jaurlaritzak lan-baldintzak okertu nahi ditu
Ibaiondoko (Zumarraga) adingabeen zentroko Enpresa Batzordeak (ELA, LAB eta CCOO) salatu du Justizia Sailak planteatutako lan-baldintzen okertzea, langileen osasuna arriskuan jartzen dituena.

2021aren amaieran egindako arrisku psikosozialen txostenak arrisku handiko edo oso handiko faktore kritikoak identifikatu zituen, etengabeko estres-egoerak, gehiegizko lan-kargak eta higadura psikologiko-emozionala eragiten dituztenak. Eusko Jaurlaritzak konponbiderik eman ez duenez, jatorri psikologikoa duten laneko bajen kopuruak nabarmen egin du gora, eta zentroko langileen egoera gero eta jasangaitzagoa da.

Sindikatuek salatu dutenez, hiru urte igaro dira Batzordeak Eusko Legebiltzarrera laguntza bila jo zuenetik plantillaren zahartzearen eta baldintzen narriaduraren aurrean, baina Justizia Sailak ez die jaramonik egin proposamenei.

Gaur Lakuan egindako mobilizazioaren ondoren, Administrazioak deitutako negoziazio-mahaian parte hartuko du Batzordeak. Azpimarratu duenez, "geure burua ikusarazteko eta gure lan profesionalarekin bat datozen lan-baldintzak izateko borrokan jarraituko dugu", eta lan hori "funtsezkoa da gizarte osoarentzat".