ELAk argindarraren igoera "inmoral eta onartezina" salatu du

2010/09/24
ELAk argindarraren igoera "inmoral eta onartezina" salatu du
“Espainiako gobernuak argindarraren prezioa %4,8 igotzeko baimena eman du; erabaki antisozial honek argi uzten du botere politikoa enpresa handien zerbitzutan ari dela lanean, kasu honetan konpainia elektrikoentzat” esan du Julene Gabiola ELAko Azterketa Bulegoko kideak.

Gabiolaren arabera, “ezin da onartu Zapateroren gobernuak argindarra %4,8 garestitzeko une egokia dela erabakitzea egungo krisi egoeran, langabezia tasa handiekin, pertsona eta familia asko hil amaiera iristeko larri dabilenean, gizarte-laguntzetarako aurrekontuak agortu eta behar duten diru hori herritarrei ukatzen zaienean”. Urtarrilean igo zen %2,6arekin eta BEZaren igoerarekin batera honez gero aurten fakturak ia %10 garestitu dira; “hau jende askoren poltsikoa husteko beste modu bat da, batik bat herritar xeheentzat eta larrien dabiltzanentzat”.

Julene Gabiolak gogoratu duenez, “Zapatero enpresa elektrikoen zerbitzutan ari da lanean. Iberdrolak aurtengo lehen sei hiletan 1.467,2 milioi euroko etekin garbia lortu du. Horrek esan nahi du egun bakoitzeko 8 milioi euro irabazten duela (1.331 milioi pezeta adina). Hori aski ez eta argindarra garestitzeko baimena eskatzen dute, baita gobernuak eman ere”.

ELAko arduradun honek nabarmendu du “onartu ezinekoa, inmorala eta politikoki oso larria” dela gobernu honek, krisiari aurre egiteko soldatak jaisten, aurrekontuak murrizten eta 2011ko pentsioak izozten ari den gobernu berak, merkatua aitzakiatzat hartzea horren igoera kaltegarria onartzeko. Gabiolak esan duenez, “Espainiako gobernuak bi neurri erabiltzen ditu: botere ekonomikoarekin apal-apal jokatzen du, eta gizarteko kolektiborik ahulenekin ezin zorrotzagoa da”.