Adegik ez dio ezein mugarik jarri nahi lan-erreformari
Gipuzkoako patronalak planteatzen duen hitzarmena erreferentziakoa da, eta ez dizkiete enpresei inolaz mugatu nahi lan-erreforma aplikatzeko aukerak. Oso garrantzitsuak diren gaietan (soldata-salbuespena, hitzarturikoa bete gabe uztea...) Adegik ez du onartzen inolako mugarik jartzea. Enpresen esku utzi nahi dute itundutakoa edozein unetan aplikatu gabe uztea, dela alde bakarretik erabakita, dela nahitaezko arbitraje bidez erabakita. Adegik Gipuzkoako Metal Hitzarmenaren bitartez lotu nahi dizkio langileak lanari egutegirik gabe. Alde horretatik, Adegik gaur egin duen proposamenean 234 ordu utzi nahi dira enpresarien esku urtean, lan-egutegia aldatu ahal izateko. “Nahierara” langileak sortzeko asmoz.
ELAk berriro salatu du Adegiren elkartasunik gabeko jarrera ultraliberala, Bere Estatuko frankizia den CEOEren eskutik, hainbat urtetako eskakizunak lortu ditu Rajoyren gobernutik, lan-erreformaren bidez. Orain duen helburua lan-erreforma hori, bere osotasunean, aplikatzea da Gipuzkoako Metalgintzan. Hortaz, Adegik ez du mugarik onartzen lan-erreformarako. Hitzarmena “paper errea” bihurtu nahi du.
ELAk, ordea, negoziazioaren bidez ziurtatu nahi dio Gipuzkoako Metal Hitzarmenari benetako edukiak izatea: soldata-igoerak, eta lan-erreformaren eragina mugatzeko klausulak. Horrekin batera, enpresa-hitzarmenak lortzeko ahaleginetan ari gara lantoki guztietan. Akordioetatik ateratzen diren enpresa-hitzarmen horietan erreformaren aurkako klausulak daude sarturik. Klausula horiek baitira metalgile gipuzkoarren lan-baldintzak benetan blindatu eta gotortzen dituztenak, kanpoko edozein erasotatik, dela Estatuko Metal Hitzarmenetik (CCOOk, UGTk eta CONFEMETALek sinatua, patronala Adegiren estatuko frankizia da), dela enpresaren alde bakarreko erabakitik (itundutako bete gabe uztekoa).