Politika, desjabetzeen konplize
ELAk bere elkartasuna helarazi nahi die gaur Barakaldon bere etxeaz desjabetzera zihoaztenean hil den emakumearen senideei.
Gertakari honek berriro utzi du agerian, inoiz baino gordinago, milaka pertsonaren sufrimendua, bat ere gizalegerik ez duen errealitate bati aurre egin beharrean daudenak. Hipoteka ordaindu ezinean daudenak etxetik botatzen dituzten artean, bankuei egundoko dirutzak ematen zaizkie, espekulatzen jarrai dezaten.
ELAk ohartarazi nahi du finantza-erakundeek zer nolako inpunitatez jokatzen duten; ez dute errukirik, eta beste garai batzutako lege batzuk baliatzen dituzte. Honek, gainera, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren beraren esanetan gai honi buruzko EBko arauen kontrakoa da, baina botere politikoak bere horretan mantentzen du, gauzak alda ez daitezen. Hots, politika konplize gisa ari da jokatzen, eta drama honen aurrean ezikusiarena egiten du.
Larrialdi sozialeko egoera honetan, bizitzen ari den tragedia zenbaterainokoa den ikusirik, ELAk exijitzen du hipoteka eta desjabetze kontuengatik hasitako prozedurak eten daitezela, eta dagoeneko burutu direnak berrikus ditzatela.
Azkenik, ELAk dei egiten du gaur arratseko 19.30etan Barakaldoko Justizia jauregian hasita egingo den manifestaziora; bere helburua, jokabide hauekiko arbuioa eta haserrea eta hildako emakumearen senideei elkartasuna adieraztea.