Plantilla egonkorrak, ratio hobeak eta murgiltze-eredua, inoiz baino beharrezkoagoak
PISAren azken txostenaren emaitzen inguruan, ELAk deitoratu egiten du ELGAk zuzendutako ebaluazio-tresna horrek irizpide "merkantilista hutsak" erabiltzea hezkuntzaren kalitatea neurtzeko, "korporazio handien interesei erantzungo dien hezkuntza sistema bilatuz". Horrek talka egiten du hezkuntza-sistema unibertsal, doako eta ikasleen espiritu kritikoa sustatzen duen sistema batekin, batez ere langile klasearentzat beharrezkoa dena, dio sindikatuak.
Hori esanda, ELAk uste du gure hezkuntza sistemak gabezia eta erronka handiak dituela, eta bai EAEko zein Nafarroako Hezkuntza Sailak gabezia eta erronka horiei erantzuteko beharrezko liratekeen sakoneko neurriak hartzeari uko egin diotela. PISA azterketak agerian uzten dituen emaitza batzuen kausa hau izan daiteke.
ELAk urteak daramatza Nafarroan eta EAEn inbertsio eta baliabide gehiago aldarrikatzen eta sistema propioa, publikoa eta euskalduna eraikitzeko beharra dagoela salatzen. Baina bi exekutiboek Espainiako sistema merkantilista baten esku-sartzeak onartzen dituzte behin eta berriz.
Hezkuntza sailak egungo bere jarduna bi arau nagusitan oinarritzen du: 2023an onartutako hezkuntza Legea eta 2025ean gainerako sindikatuekin sinatutako irakasleen lan baldintzen akordioa. Honek horrela jarraitzen duen bitartean ez da hezkuntza publikoa indartzeko eta segregaziori erantzuteko beharrezkoak diren sakoneko aldaketak emango.
Ratio hobekuntza nabarmenik ez dago, ratio politikan aldaketarik ere ez. Ez modu orokorrean ez eta konplexutasun handiko ikastetxeetan ere. Ratio hobekuntzak ikasleen hezkuntza eta arreta zein irakasleen lan kargak eta osasuna hobetzea ekarriko luke. 25eko akordioan ratio hobekuntza nabarmenik ez zuten jaso ordea sinatzaileek, ezta ratio politikan mugarik ere. EHI/ALEek bestalde esku hartze zuzeneko irakasleak esleitzeko ratiorik gabe jarraitzen dute. Beraz, sailak irizpide murriztaileenak aplikatzen jarraitzen du. 26-27 ikasturtean adibidez Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan gutxieneko ikasle kopurua betetzen duten 62 ikasgela itxiko ditu Sailak Gipuzkoan.
Enplegu egonkorrik ez da bermatzen, Hezkuntza talde egonkorrik ere ez. Egonkortze prozesuen ondoren ere, behin-behinekotasun erreala %30tik gorakoa da irakasleetan, milaka dira ikasturtero ikastetxez aldatzen diren irakasleak. Enplegua egonkortzeak, langileen prekarietatea mugatzeaz gain, klaustroen egonkortasuna ere ekarriko luke, ikastetxeko proiektuen zein ikasleen onuran. Zer esanik ez konplexutasun handiko ikastetxeetan. Ez hezkuntza legean ez eta irakasleen akordioan ere ez da adostu behin behin-behinekotasun hau %8 erreal batera jaisteko eta enplegua egonkortzeko neurri eta eperik ordea. 2027an 1.374 lanpostuko lan eskaintza bat jarriko duela abian jakinarazi du Sailak berriki. 15.000 irakasle inguru dituenean ikasturtero behin behineko moduan lanean eta 1.000 erretiro inguru.
Euskarazko murgiltze eredua ez da ezarri. Euskal hezkuntza sistema kohesionatu baten kaltetan. Hezkuntza sistema publiko, propio eta euskalduna eraikitzea euskal gizarte kohesionatu baterako ezinbestekoa da. Sailak ordea euskarazko murgiltze ereduari uko egin dio Hezkuntza legean. Edo IRALEko R ikastaroak, euskarazko trebakuntza eta atxikimendu tresna ere bertan behera utzi ditu ikasturte honetan. ELAk hezkuntza legearen eztabaidan hezkuntzako digitalizazio prozesua ikasleen, heizketaren eta heritarren zerbitzura bideratua izateko egindako proposamena ere bazterrean utzi du.