ELAk salatu egin du presoen egoerari buruzko desinformazioa eta manipulazioa

2012/03/07
ELAk iritzi publikoari bere kezka jakinarazi nahi dio duela gutxi Jorge Fernandez Diaz Espainiako barne-ministroak euskal preso politikoei buruz esan dituenak entzun ostean. Adierazpen hauekin zuzenbidea urratzen duen sakabanatze politika zuritzen jarraitzen da, baita espetxe-onurarik ez aplikatzea ere

ELAren ustez, honelako hitzekin, edota antzekoekin -Justizia ministroak esan dituenak kasu-, preso daudenen egoera eta nortasunari buruz erabateko desinformazioa eta manipulazioa zabaltzen da.

Esaterako, ETAko presoak aipatzen dira, euretako asko hala ez badira ere. Urtetan lege antiterroristen aplikazioa modu bidegabean hedatu da, eta ondorioz jarduera politiko hutsa, zein iritzi eta manifestazio eskubidea gauzatzen ari zen pertsona asko auziperatu eta zigortu izan dute. Presoen kolektibo zabal honek sistema demokratiko batean tratu gizatiarragoa ez ezik, espetxetik ateratzea eta pairatu dituzten injustizia latzak konpontzea mereziko luke. Hor dugu Rafa Diez LABeko idazkari nagusiaren kasu nabarmena, inondik ere bakarra ez den arren.

Halaber, bestelako deliturik –hauek demokrazia homologatuetako zigor-kodeetan tipifikatuta daude– egin duten presoekiko manipulazio larri bat egiten da. Manipulatzearekin helburu bat lortu nahi dute: alde batzurentzat (gobernu, biktima) desiragarri litzatekeena legez exijitu ahal denarekin nahastea. Horrenbestez, ETAko presoei derrigor ezarri nahi zaie espetxe-onura jakin batzuk lortzeko barkamena eskatu beharra, agintariei laguntzea beren jarduera kriminala, zein beste batzuena, argitzen, eta ez bakarrik ETArengandik aldentzea, baizik osatzen duten parte direneko esparru politikoaren “inguru” eta “helburu”etatik ere, hitzez hitz Espetxe-Lege Organiko Orokorreko 72.6 artikuluak eskatzen duen bezala.

Gogoratu beharra dago artikulu hori Aznarren gobernuak ezarri zuela, Alderdien Legea onartu eta berehala, zigorrak eta hauek betetzeko era gogortzeko. Hots, borroka antiterrorista delako horren militarizazio juridiko eta judizialaren aldian izan zen, gure sindikatuak salatu izan duena, PSOEk eta PPk “Askatasunen aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna” sinatu zuten unetik beretik (2001eko abendua). Aipatzekoa da ere hitzarmen hura UGTk eta CCOOek sinatu zutela.

ELAren irudiko, ezinbestekoa da biolentziari uko egitea. Hau gutxieneko puntu bat da. Haatik, ezin da maximo etikorik, ez alderdi baten programa politikorik ezarri legearen araberako erabakiak hartzeko, esaterako presoak hurbiltzea, hirugarren gradua, baldintzapeko askatasuna edo espetxe-politikaren araberako beste edozein bitarteko; politika horren xedeak ez dauka zerikusirik presoei eta hauen senideei ezartzen zaien zigor gaineratuarekin. Legezko eta gizabidezko tratua ETA desegiten dela dioen adierazpen batekin lotzea zentzugabea da, baina gainera zuzenbidetik at dago.

Halaber, zinikoa eta manipulatzailea da esatea, ministroak egin duen legez, espetxe-politikan aldaketak egiteko eskatzen dutenek ETAko presoentzat lehentasunezko tratua nahi dutela. Izan ere, hauei, eta beste askori, salbuespenezko legedia ari zaizkie ezartzen, berariaz eurentzat sortua; eta horretxek berresten du Espainiako gobernuak ukatu nahi duena, hots, preso hauen guztien jite politikoa. ELAk uste du ideologia antiterroristaren poderioz lege-, auzibide- eta espetxe-esparruetan egin diren neurrigabekeriak zuzendu egin behar direla, baldin eta esaten den bezala asmoa bada euskal preso politikoei gainerako presoei ematen zaien tratua ematea.

ELAren iritziz, politika eta adierazpenok guztiok joan den urriaren 17an plazaratu zen Aieteko adierazpenaren kontrakoak dira, aldez edo moldez; adierazpenaren bigarren puntuan gobernuei dei egiten zaie gatazkaren ondorioei hel diezaieten, ETAk jarduera armatua behin betiko uzteko asmoa adieraziz gero. Bada, laster sei hilabete izango dira ETAk urrats hori iragarri zuenetik. Espainiar gobernuak, bestalde, era arduragabean jokatzen duelarik, badirudi ez daukala egoera berri hau kudeatzeko borondaterik. Hau ELArentzat onartu ezinekoa da.

Hartara, are ulergaitzagoa jotzen dugu otsailaren 21ean EAJk, CiUk, PPk eta PSOEk Diputatuen Kongresuan sinatutako akordioa, zeinaren edukia ETAren amaiera kudeatzea baita. Akordio honetan, besteak beste, Espainiako gobernuari eskatzen zaio legeak zorrotz betearaz ditzala, baina lege horiek hein handi batean indargabetzea ezinbestekoa da, itun antiterroristaren itzalean politika eta auzitegietan egin ziren gehiegikerien ondorioz zeharo kutsatuta baitaude.

Aitzitik, ELArentzat pozgarria da Euskal Herrira egindako bisitan Nicolas Sarkozy frantses Errepublikako presidenteak esandakoa, hots, presoen hurbiltzea desiragarria dela. Espero dugu adierazpen horiek erretorika hutsean ez agortzea.

Azkenik, ELAk uste du ezker abertzaleak iritzi publikoari otsailaren 26an “Konponbide haizea dabil!” izeneko agirian helarazi dion hausnarketak ahalegin politiko eta etiko txalogarri bat adierazten duela, eta etorkizunean gure herrian abia daitekeen irtenbide- eta adiskidetze-prozesu baterako osagai biziki interesgarriak biltzen dituela.