BIZKAIKO ERAIKINEN GARBIKETA

ELAk eta LABek hiru greba egun deitu dituzte

ELAk eta LABek hiru greba egun deitu dituzte
Sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte azaroaren 27rako eta hiru greba egun abenduaren 17rako, urtarrilaren 14rako eta 15erako. Ez dute baztertzen grebekin jarraitzea egoerak hobera egiten ez badu.

Ia urtebetez Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako hitzarmena negoziatzen aritu ostean, ELAk eta LABek 3 greba egun deitzea erabaki dute, negoziazioa blokeatuta baitago. Patronalek ez dituzte langileen aldarrikapenak onartzen, besteak beste, lanpostu hutsen sistema sortzea, langileei lanaldi osoa bermatzea eta 15 hiletan 1.500 euroko soldata izango dutela bermatuko duen soldata igoera.

Gogoratu behar da sektore feminizatua dela eta partzialtasuna dela nagusi. Astean hiru orduko kontratuak ere izaten dituzte langileek. Lanaldi osoa duten langileak ezin dira hilaren amaierara iritsi, urteko 18.000 euro inguruko soldatez ari baikara.

ASELBI -CEBEK eta ASPEL patronalek, bestalde, murrizketak proposatu dituzte langileek orain arte lortutako eskubideetan, hala nola lan-bajagatiko osagarriak edo antzinatasun-osagarriak okerrera egitea. Horrek erabat blokeatu du negoziazioa.

Kontuan izan behar da patronal horien atzean milioi askoko irabaziak dituzten enpresa handiak daudela, hala nola FCC, ISS, EULEN, SERVEO, CLECE – ZAINTZEN, etab.