Langabetuen % 57ak ez du langabezia saririk jasotzen

2016/10/04
Enplegu zerbitzu publikoak argitaratu dituen datuek azken hilabetean 1.385 langabe gehiago daudela erakusten dute, guztira 183.398 langabetu izanik Hego Euskal Herrian. Azken urteko bilakaerak 13.267 pertsona gutxiago daudela lanik gabe adierazten du.

Langabe kopurua jaisteak ez du suposatzen, bere horretan, enpleguaren egoera hobetzen ari denik.

Langabezia maila onartezina da. 183.398 langabetu daude Hego Euskal Herrian, eta langabezia-tasa %13,8koa da, 28-EBeko bataz bestekoa (%8,6) baino 5,2 puntu altuagoa.

Langabetuen egoera gero eta okerragoa da. Abuztuan langabezian zeuden 182.013 pertsonetatik, soilik 47.355k jaso zuten kotizaziopeko langabezia prestazioa (% 26), eta 103.733 langabetuk ez du inolako prestazio edo subsidiorik jaso, langabetu guztien % 57ak.

Zentzu horretan langabezia prestazioen gastua % 11,6 murriztu da azken urtean (2016ko abuztuan 79,4 milioi bideratu dira eta 2015eko abuztuan 89,8milioi euro), langabezia % 7,2 jaitsi den bitartean.

Prekarietatea hazten ari da. Gero eta baldintza okerragoak jasan behar dituzte kontratu berriak dituztenek: 2016ean egin diren kontratu guztien % 93,4a aldi baterakoa izan da.