ELAk salatu du gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan onartutako ordainsarien aurrerapena iruzur bat dela

2012/12/05
ELAren ustez Batzar Nagusiek EAJren eta PSEren botoaz 2013ko aparteko ordainsariak aurreratzeko hartu duten erabakia iruzur bat da, eta izatez, Raxoik ezarritako murrizketak onartzea esan nahi du.

Bizkaiko Foru-Aldundiaren aurrean egin duten akanpada amaituta, ELAko ordezkariak Gernikara joan dira; han Batzar Nagusien osoko bilkura zegoela-eta, elkarretaratzea bat egin dute gainerako enpresa-batzordeko eta pertsonal-batzordeko kideekin.

ELAren ustez Batzar Nagusiek EAJren eta PSEren botoaz 2013ko aparteko ordainsariak aurreratzeko hartu duten erabakia iruzur bat da, eta izatez, Raxoik ezarritako murrizketak onartzea esan nahi du. Gaur erabaki dena itxurakeria hutsa da, eta agerian uzten du Diputatu Nagusiak ez daukala akordiotara iristeko borondate politikorik; haatik, Jose Luis Bilbaok berak eman zuen hitza, esanez Gabonetako aparteko paga ordainduko zuela eta ez zituela Raxoiren murrizketak onartuko.

ELAk gauza bat nabarmentzen du: 2012ko paga hori ez da ordainduko, eta horrenbestez, aurtengo soldata %7 gutxiago izango da. Azken hiru urteetan hartutako erabakien ondorioz soldata-masaren %20a murriztu da.