OSAKIDETZA

ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bere osasun-profesionalen prestakuntza espezializatua bere gain hartzeko eskumena erreklamatzeko

ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bere osasun-profesionalen prestakuntza espezializatua bere gain hartzeko eskumena erreklamatzeko
Eusko Jaurlaritzak iragarri du ez dela joango Osasun Sistemaren Lurralde arteko Kontseilura, eta argudiatu du Ministerioak ez duela bere proposamen bakar bat ere aintzat hartu fakultatiboen falta arintzeko. Bada, ELAk gogorarazi nahi dio Martinez sailburuari Madrilen eskatzen dituen neurriekin ezin diola aurre egingo Osakidetzan dagoen profesionalik ezari osasun-arloko lan-baldintzak hobetzen ez dituen bitartean, eta benetan arazo horri heldu nahi badio, bere profesionalen prestakuntza espezializatua (BAME, BAFE, BAFE edo BAPE) bere gain hartzeko eskumena eskatu behar duela. Martinezek proposatutako neurriak adabaki hutsak dira.

Gogoratu behar da otsailean Osakidetzak 441 fakultatibo plaza zituela bete gabe, hainbat espezialitatetakoak; horietatik, 148 Lehen Arretako medikuei eta pediatrei zegozkien. ELAk behin eta berriz azpimarratu du profesionalen eskasia horren atzean funtsezko bi arazo daudela:

  • Belaunaldi-erreleboaren erabateko planifikaziorik eza. Sisteman sartu diren profesionalen adina eta BAME kopurua ikusita, agerikoa zen egungo egoerara iritsiko ginela.
  • Lan-baldintza eskasak, profesionalak erakarri eta mantendu nahi baditugu hobetu beharrekoak. Gaur egun, behin-behinekotasuna edo lan-karga handiak daude osasun-sistema publikoko profesionalen ihesaren atzean.

Osasun Sailak erabat uko egin dio bi gai horiei heltzeari, eta, bitartean, askotan kosmetikoak diren proposamenak egin ditu. Askotan, proposamen horiek, eragindako kolektiboen ia aho bateko gaitzespena jaso dute. Gogora ditzagun, hala nola, familia-fakultatiboaren espezialitatea urtebetez murrizteko proposamena; edo erretiro-atzerapenarena; edo pasa den astean planteatutakoa, hau da, gaitasun eta funtzio mugatuak izango dituzten eta osasun mentalari lotutako patologien arreta indartuko ez duten espezialitaterik gabeko psikologoak kontratatzea.

Bestalde, eta Eusko Jaurlaritzak eskumen desberdinen transferentziari buruzko propaganda behin eta berriz egin arren, Pradalesen Gobernuak uko egiten dio Estatuarekin gatazka irekitzeari eta bere profesional sanitarioen espezializazioa bere gain hartzeko eskumena eskatzeari, Madrilek onartzen duenera egon beharrik gabe. Aireportuen kudeaketaz hitz egiten ari garen bitartean, ez dugu entzun ez Lehendakaria ez Sailburua gure gizartearen ongizatean eragin zuzena duen eskumen hau eskatzen. ELAk berriro eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei beren ordezkaritza balia dezatela EAEk osasun-langileen prestakuntza espezializatua bere gain har dezan.

Bi gai horiek jorratzen ez diren bitartean, orain arte egindako planteamenduak adabakiak besterik ez dira izango Osakidetzak dauzkan egiturazko arazoetan.