ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Lakuntza: “Gutxieneko soldata propioa lortzeko greba orokorrak langileen babes zabala du"

2026/03/16
Lakuntza: “Gutxieneko soldata propioa lortzeko greba orokorrak langileen babes zabala du"
Biharko deitutako greba orokorraren atarian, Lakuntzak azaldu du bozketak egin diren lantokietan argi geratu dela mobilizazioak babes handia duela eta greba “modu nabarmenean” aurrera ateratzen ari dela.

Haren esanetan, langile klasea bat dator grebaren aldarriekin, gizarteak erabakitzeko eskubidearen alde eta prekaritateari aurre egiteko beharra partekatzen duelako. Horren harira, salatu du jende askok ez duela ulertzen zergatik ezin den Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezarri. Gogorarazi du Madriletik ezarritako 1.200 euroko gutxieneko soldata ez dela nahikoa hemen bizitzeko eta azpimarratu du soldata hori jasotzen dutenen gehiengoa emakumeak direla; horregatik, greba hau ere greba feminista dela nabarmendu du.

ELAren idazkari nagusiak grebara jotzeko premia berretsi du, Eusko Legebiltzarrak legegintzarako herri-ekimena geldiarazi duelako eta Confebask patronalak negoziazioari uko egin diolako. Hala ere, Nafarroan gutxieneko soldata propioa negoziatzeko aukera egon daitekeela uste du Lakuntzak, CEN patronalak atea irekita duelako. Confebaskek jarrera horri zenbat denboraz eutsi diezaiokeen galdetu du, eta gogorarazi du martxoaren 24rako beste bilera bat deituta dutela EAEko patronalarekin.

Bestalde, Tubos Reunidos enpresako Enplegu Erregulazio Espedientearen inguruan, Lakuntzak salatu du enpresaren estrategiak Amurrioko eta Trapagako langileak zatitzea bilatu duela, kaleratze gehienak Amurrion ezarriz. ELAk kaleratzerik ez duela ez negoziatuko ez onartuko berretsi du, eta azpimarratu du sindikatuaren egitekoa langileak defendatzea dela. Sindikatuaren aldarria altzairutegia ez ixtea eta enpresak bideragarritasun plan bat aurkeztea dela gogorarazi du.

Enpresaren zorraren birfinantziazioaz galdetuta, BBVA aipatu du, aldi berean akzionista eta hartzekoduna delako. Lakuntzaren arabera, inbertsio baterako eskatu zen mailegua akziodunen artean etekin gisa banatu zen gero, eta horren inguruan badaudela erantzukizunak onartu nahi ez direnak. Azkenik, ohartarazi du enpresak kaleratzeak gauzatuz gero gatazka bide judizialera eramatea mahai gainean dagoela.