ELAk ez du 2017-2020 Nafarroako Lan Osasuneko Planaren alde egin
Horren inguruan ELAk hasieratik adierazi du bere desadostasuna, ordura arte garaturiko politikei jarraipena ematea zelakoan. Hala eta guztiz ere, ELAk ontzat jo ditu ordutik hona NOPLOIn (Institutuan) eta LONKen (Kontseiluan) egin diren aldaketak, LOEP (Ekintza Plana) garatze aldera; dena dela, ezinbestekoa da aldaketa horietan are gehiago sakontzea epe laburrera.
ELAk ezetza eman dio, orobat, Kontseiluaren Barne Jardunaren Arautegiari, Kontseiluaren azaroaren 16ko bileran onetsitakoari; estatu-esparruko sindikatuei ordezkaritza handiegia aitortu baitzitzaien. Abenduaren 12an ELAk irizpide hori berraztertzeko eskatu zion Gobernuari, duen izaera antidemokratikoagatik, eta gainera ohartarazi zion Gobernuari irizpidea ez aldatzearen ondorioez, hots, Kontseiluan parte hartzen jarraitzeko edo ez jarraitzeko balizko aukeraz. Hori horrela, ELAk salatzen du Gobernuak arazo horri emandako tratamendua. Izan ere, gaurko bilera egin baino ordu gutxi lehenagora arte ez dugu erantzunik jaso, gero proposamen bat aurkeztu dute, baina azkenik erretiratu beharrez egon dira. Gobernuak berriz ere bere proposamena taxutzen duen bitartean, ELAk eskatu dio Gobernuari Nafarroako sindikatuen benetako ordezkaritza kontuan hartzeko behin betiko proposamenean.
Parte hartzeko prozedura
ELAk ekarpenak egiteko epea luzatu izana kritikatu du, baita kritikatu ere Kontseiluaren bilera gibelatzea, abenduaren 19rako ezarrita baitzegoen. Horren ondorioz Ekintza Planaren inguruko eztabaida eta onespena geroratu dira 2017ko Aurrekontu Legea onetsi arte, Ekintza Planari bideratuko zaizkion baliabideak finkatzen diren unera arte.
Lege horri dagokionez ELAk salatzen du diru-laguntzetarako partida batzuk milioi bat eurokoak baino handiagoak direla, eta Ekintza Planari esleitzen zaizkion funtsen (100.000) kaltetan doazela. Fiskalizazio-neurriak zehazten ez diren bitartean, ELAk bere kezka azaldu nahi du laguntza horien eragina nafar langileen lan-baldintzetan ez ote den urria izanen. Bestalde, ELAk ongi deritzo aurrekontuetan onetsi den zuzenketari, pertsonala kontratatzekoari; baina ez du uste aski izanen denik Ekintza Planean finkaturiko helburuak lortzeko.
Edukiak
Gobernuak egindako urratsak, lan-osasuneko politika eraginkorrak garatzeko lege-eskumenak eskatzen, txalogarriak badira ere; ELAk Ekintza Planaren mugak azpimarratu ditu. ELA bat dator, neurri batez, Gobernuarekin programetan, helburuetan, ekintzetan eta adierazleetan; baina deitoragarria iruditzen zaio bere ekarpenetako batzuk baztertu eta erlatibizatu izana, haietako zenbait behin betiko testua onesteko bileraren eguna baino gutxi lehenago.
Horregatik, ELAren iritziz Ekintza Plana bide onetik doa, baina ez zaie heldu lehentasunezko alderdi batzuei, besteak beste, Gobernuak enplegatzaile gisa duen jokabideari, eta Gizarte Segurantzaren arloko eskumenen gabeziari —horren adibide garbia Lan Ikuskaritza da—.
Azkenik, ELA prest agertzen da Lan Osasunaren 2017-2020 Ekintza Plana garatzen eta ezartzen laguntzeko, eta aldi berean partaidetza handiagoa eskatzen du, lan-osasunaren politikak taxutzerakoan.