CIE Legazpik hitzarmena blindatu du lan-erreformatik

2013/06/11
CIE Legazpiko lan batzordeak indarrean duten hitzarmenari (2011/2013) zortzi klausula berri erantsi diote, erreformatik babesean geratzearren. ELAk bultzaturiko astebeteko mobilizazio eta grebaren emaitza izan da akordioa.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako enpresak Rajoyren lan-erreformatik blindatzeko bidean beste pauso bat eman da.

CIE Legazpiko langileek indarrean duten hitzarmenari (2011/2013) zortzi klausula berri erantsi diote, erreformatik babesean geratzearren. Hona hemen nagusiak:

- Hitzarmena bete gabe uztea. Enpresak ezin izango du hitzarmena aplikatu gabe utzi.

- Kaleratzeak. 45 eguneko kalte-ordaina, 42 hileko mugarekin; eta ez da aplikatuko lan-erreformaren absentismo-kaleratzea.

- Aurrera-eragina: mugagabea izango da, hitzarmena berritu arte.

- Malgutasuna: legearen araberako %10 ere bazter utziko da.

ELAk zoriontzen ditu CIE Legazpiko langileak, erakutsi duten antolakuntza- eta borroka-gaitasunagatik. Eredugarri dira beste enpresa batzuetarako. Egoera gogor eta latz honetan patronala erreformaz baliatzen da zapalkuntza nongura egiteko; horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da erabateko erantzunak ematea. ELAk bultzaturiko astebeteko mobilizazio eta grebaren emaitza ikusgai daukagu, dagoeneko, hainbat enpresatan.

Enpresetan egindako akordioek ondo baino hobeto erakusten dute enpresek berek gero eta jarraipen mugatuagoa egiten dietela euskal patronalen ikusmolde ultraliberalei. ELA akordioak betetzearen aldekoa da, eta lan-erreformaren araberako merkatuan enpresariek bete gabe utz dezakete aldez aurretik itundutakoa.

CIE Legazpi enpresaren akordioa (218 langile) beste bat gehiago da. Legazpi herrian bertan eginda daude, halaber, Bellotarena (402 langile), eta orain dela gutxi beste bi hauek ere bai: GKN (158 langile) eta TTT ejes (70). 800dik gora langilek erakutsi dute zer lortu daitekeen antolakuntzaz eta lan-merkatu berriaren barrenaldeak arakatuz: lan-erreforma enpresetatik kanporatzea.

ELAtik dei egiten diegu gainerako sindikatuei, batera patronalari aurre egiteko, non eta atarramendu hobea atera daitekeen: enpresetan.

ELAk iragartzen du, gainera, ETEetako langileak ere blindatzen ahaleginduko dela, Rajoyren erreforma enpresa txikietatik ere kanporatzeko.