2017ko soldaten itunak Metalgintzaren langile askori eros ahalmena murriztuko die

ELA sindikatuak ohartarazi du Metalgintzaren patronalak, UGTk eta CCOOk Nafarroan gaur sinaturiko soldaten eguneratzeak sektore horren langile askorentzako eros ahalmenaren murrizketa ekarriko duela. Zehazki, %2,5ko igoerak Nafarroako Metalgintzaren hitzarmenaren tauletan besterik ez da aplikatuko, eta ez horren gainen daudenentzat (Nafarroako enpresa askoren langile gehienak dauden egoera).

Horregatik, gaur ELAk patronalei luzatutako proposamenean, %2,5eko igoera benetako soldatetan aplikatzea eskatu dio (eta %3koa tauletako soldatetan). Gogoratu behar da gaur adostutako soldaten eguneratzea Metalgintzaren Nafarroako hitzarmenari dagokiola (hiru urteko iraunaldia duena, 2015-2017), eta aurreko bi urtetan gauzatutako igoerak are txikiagoak izan direla (eta gainera, tauletan aplikaturik bakarrik). Igoera horiek Enplegu eta Negoziazio Kolektiborako Itunarekin (AENC) lotu zuten Madrileko sinatzaileek (CEOE, UGT eta CCOO).

Dena den, 2017rako sinaturiko akordioak erakusten du langileengandik hurbilen dagoen negoziazioak emaitza hobeak ematen dituela, hau da, Nafarroan egiten dena, Madrilen sinatzen diren itunei men egin gabe. ELAk bere afiliazioarekin batera erabakiko du gaurko akordioaren inguruko jarrera.