AMVISA (GASTEIZKO UDAL URAK)

Justiziak enpresa zigortu du greba eskubidea urratzeagatik

2026/03/02
Justiziak enpresa zigortu du greba eskubidea urratzeagatik
AMVISAk 7.501 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio ELAri grebalariak legez kanpo ordezkatzeagatik.

Gasteizko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak ebatzi du AMVISAk (Gasteizko udal urak kudeatzen dituen enpresa) urratu egin duela langileen askatasun sindikalerako eskubidea. Izan ere, 2024tik 2025era bitartean erabiltzaileei arreta eskaintzen dieten langileak grebara joan ziren eta enpresak grebalariak legez kanpo ordezkatu zituen. Grebak iraun zuen bitartean, lau hilabete baino gehiago, enpresak kanpoko langileak kontratatu zituen grebalarien lanaren parte bat egiteko, eta langile propioak ere erabili zituen horretarako. Sindikatuak Lan Ikuskaritzan salatu zuen lehenengo, eta epaitegietan gero. Lehenengo Ikuskaritzak ziurtatu zuen AMVISA legez kanpoko jarduerak egiten ari zela eta isun ekonomikoa ezarri zion; orain, Justiziak arrazoia eman dio ELAri, eta grebarako eskubidea urratu zela ebatzi du. Ondorioz, enpresak 7.501 euroko kalte ordaina eman beharko dio sindikatuari.

ELAk gogorarazi du langile horiek 2026ko urtarrilean kaleratu zituztela beren lanpostuetatik PSE-EEk, EAJ-PNVk eta EH BILDUk hala adostuta. Ez zieten inongo kalte ordainik eman eta egun epaiketaren zain daude. ELAk AMVISAri eta Gasteizko Udalari eskatu die eseri daitezela pertsona kaleratuentzako irteera bat negoziatzera.

Langileak greban egon ziren beren lan baldintzak hobetzeko, enplegua egonkortzeko eta herritarrei eskaintzen zitzaien zerbitzua hobetzeko. Hitzarmena sinatu zuten eta greba bukatu zen. Udaletxearen aurrean lortutako garaipen handitzat jo zuen sindikatuak.