Euskara auzitan: Oldarraldi judizial eta sindikal baten azalpena
'Euskara auzitan: oldarraldi judizial eta sindikal baten azalpena' txostena hemen
Dokumentuaren arabera, euskararen gaur egungo egoera ez da hiztun gutxiko hizkuntza baten bilakaera naturalaren emaitza, baizik eta Espainiako eta Frantziako estatuek mendeetan zehar ezarritako hizkuntza-politiken ondorio zuzena. Horregatik, euskararen normalizazioa ez da soilik hizkuntza baten biziraupenari lotutako auzia, herritarren arteko berdintasunaren, justiziaren eta hizkuntza-eskubideen auzia ere bada.
Gaztelaniaren eta frantsesaren ezagutza unibertsala ez da modu naturalean hedatu, hezkuntzaren, administrazioaren eta botere publikoen inposaketaren bidez baizik. Horren ondorioz, euskararen erabilera eta transmisioa ahuldu egin dira, eta gaur egun ere euskaldun gehienak ezin dira beren egunerokoan euskaraz bizi. Egoera hori ulertzeko, marko juridikoaren garrantzia azpimarratu behar da. Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluak gaztelania ezagutzeko betebeharra ezartzen du, baina euskararen ezagutza ez da derrigorrezkoa. Horrek desoreka juridikoa sortzen du eta gaztelaniari nagusitasun praktikoa ematen dio.
Euskal Autonomia Erkidegoan, trantsizio garaian administrazioen euskalduntzea modu progresiboan garatzeko adostasun politikoa lortu zen. Horren adibide dira Euskararen Normalizaziorako Legea (10/1982) eta ondorengo dekretuak. Hala ere, azken urteetan epaitegiek lege horien interpretazio murriztailea garatu dute. Azken hauetan, derrigortasun-indizearen interpretazio berria ematen ari dira. Hasieran, administrazioen euskalduntzea bultzatzeko gutxieneko helburua zena, gaur egun epaile askok gehieneko muga gisa interpretatzen dute, eta horrek euskararen eskakizunak zabaltzea zailtzen du.
Nafarroako egoera are larriagoa da. Zonifikazio sistemak herritarren hizkuntza-eskubideak bizi diren eremuaren arabera mugatzen ditu, hala, euskararen presentzia oso ahula da eremu mistoan eta ez-euskaldunean hutsaren hurrengoa. Gainera, UPN-ren eta PSN-ren agintaldietan euskararen balorazioa murriztu da oposizioetan eta lanpostu publikoetan, atzerriko hizkuntzei gehienetan euskarari baino garrantzi handiagoa emanez. Ipar Euskal Herrian, berriz, Frantziako marko juridiko zentralista muturrekoak ez digu euskaldunoi benetako babesik ematen, eta hizkuntza-politika aurrerakoiak garatzeko saiakerek etengabe talka egiten du estatuaren lege eta epaileekin.
Administrazio publikoetako behin-behinekotasunaren arazoa ere jorratzen da txostenean. Urte luzez milaka langile egoera prekarioan eduki dituzte EAEko administrazio publikoek, eta kontsolidazio prozesuak abiatzean euskararen eskakizunak eztabaida politiko eta sindikalaren erdigunean kokatu dira. Horren aurrean, ELAk, LABek eta Kontseiluak administrazioak hamabost urteko epean euskalduntzeko proposamena egin zuten, erretiro naturalak aprobetxatuz eta langileei euskara ikasteko baliabideak eta denbora eskainiz. Proposamenaren helburua euskal herritar guztiei bi hizkuntza ofizialetan arreta bermatzea zen, baina instituzioek ez zuten plana aurrera eraman nahi izan.
Bestalde, ELAk kritika zorrotza egiten dio CCOO sindikatuaren jarrerari. CCOOren ustez euskararen ezagutzak euskararik ez dakiten pertsonak diskriminatzen ditu. ELAren arabera, ordea, bi hizkuntza ofizialak ezagutzea gaitasun handiagoaren adierazle da eta administrazio publiko batek herritarrek aukeratutako hizkuntza ofizialean zerbitzua emateko gai izan behar du. Halaber, CCOOk hizkuntza-eskakizunak egungo hizkuntza-eskaeraren arabera ezartzea defendatzen du, baina eskaera hori ez da egoera libre baten emaitza, baizik eta euskararen aurkako bazterketa historikoaren eta egungo baldintza desorekatuen ondorio.
Azkenik, esan beharra dago euskararen (euskaldunon hizkuntz eskubideen) aurkako benetako oldarraldi judizial bat jasaten ari garela. Azken urteetan emandako epaiak ez dira kasu isolatuak, baizik eta euskal administrazioen euskalduntzea eta euskaldunon hizkuntz eskubideak mugatzeko joera orokor baten parte. Epaitegiek derrigortasun-indizearen interpretazioa aldatu dute, hizkuntza-eskakizunak baliogabetu dituzte eta administrazioek hizkuntza-politika propioak garatzeko duten autonomia murriztu dute. Oldarraldi hori modu antolatuan sustatu dute zenbait alderdi politikok, sindikatuk, patronalek eta komunikabidek, helegite eta demanda sistematikoen bidez batzuek eta horiei hauspoa eta babesa emanez besteek. Horren ondorioz, jarrera euskarafoboak oinarri, legeak aldatu gabe ere, euskararen normalizazioa eta hizkuntz eskubideak mugatzen dituzten jurisprudentzia berria sortu da.
Ondorio nagusienetako bat da euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia ez dela fenomeno juridiko hutsa, baizik eta interes politiko eta ideologiko jakin batzuen emaitza. Horri aurre egiteko, ELAren iritziz, mobilizazio soziala, borondate politikoa eta administrazio publikoen euskalduntzea ezinbestekoak dira herritar guztien hizkuntza-eskubideak benetan parekatu ahal izateko.