ELAk eutsi egingo die urriaren 15eko lanuzteei

ELAk eutsi egingo dio urriaren 15ean lantoki guztietarako egin duen lau orduko lanuzte deialdiari (lanuztea egun osokoa izango da ikastetxeetan).
Sindikatuaren iritziz premiazkoa da amai daitezen israeldar armada Gazako biztanleen kontra egiten ari den erasoak, eta laguntza humanitarioa berehala eta masiboki sartzeko aukera ematea. Horretarako presioa eragiten jarraitu behar da, harik eta israeldar gobernuak baldintza horiek oso-osorik bete arte.
Hain zuzen ere, ELAren aburuz mobilizazioei eustea ezinbestekoa da: euskal langileriak erakunde eta enpresak estutu behar dituzte genozidioa geldiarazteko eta apartheid sionistaren eta palestinar lurraldeen okupazioaren amaiera lortzeko neurriak har ditzaten.
Euskal Herriak agerian utzi du Palestinaren alde mobilizatzeko duen indarra, eta mezu argia eman da: ezin zaio Israeli ezer erosi, ez saldu. Gurean mobilizazioen helburua da Israeli erabateko boikota ezartzea; mezu hau ELArentzat funtsezkoa da.
Beraz, sindikatu honek urriaren 15eko lanuzte orokorretarako deialdiari eutsiko dio, Gasteizko, Iruñeko eta Madrilgo gobernuei zein enpresei zuzenean galdegiteko Israelekiko harreman oro bertan behera utz dezatela.
Euskal alderdiek erabaki behar dute -Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan eta espainiar Kongresuan- konpromiso hori zenbatekoa izango den, hots, euskal alderdiek Sanchezen gobernua bozketa guztietan sostengatzeko baldintza bat jarri behar diote: Boikota Israeli.