ELAk euskararen ofizialtasun osoaren aldeko manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen du
ELAk euskararen ofizialtasun osoaren aldeko manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen du, larunbat honetako Iruñeko mobilizazioak Nafarroako Euskara Lege berria lortzeko bultzada erabakigarria izan behar duelako. Jakina denez, manifestazioa urriaren 27an izango da, eta arratsaldeko 5etan abiatuko da hiru zutabe ezberdinetan: Gazteluko plaza, Media Luna parkea eta Iturrama-Abejeras bidegurutzetik. Hiru zutabe autobus geltoki berrian (Yanguas y Miranda kalea) amaituko dira.
ELAk gogoratzen du lege oso bat osatzeko aukera daukagula. Baina horretarako, neurri zehatzei buruz eztabaidatu behar dugu, ahalik eta lasterren. Guri dagokigu ateak irekitzea eta aurrean dauzkagun aukerak probestea. Lehen pausoa, larunbat honetan, arratsaldeko 5etan, Iruñean.