Siemens-en eta Gamesaren arteko akordioak agerian utzi ditu erakundeetako arduradunak

2016/07/05
ELAren aburuz, ez da harritzeko modukoa Siemensek Gamesa erosteko baldintzak Alemaniako multinazionalaren aldekoak izatea. Tamalez, azken urteotan Euskal Herriko enpresak saltzeko joera nabarmena izan dugu, hastapenetan bultzada publikoaz abiatua, eta gero enpresa horiek atzerriko enpresen eskuetan geratu dira.

Gamesa eta Siemens bategiteko baldintzak jasotzen dituen testua, CNMVn erregistratu dena, kezka-iturri handia da ELArentzat. Aipaturiko akordioan, besteak beste, Siemensi bermatu zaio hitzez hitz Gamesaren "hornitzaile estrategikoa" izatea, eta horren baldintzak berariazko akordio batean jasoko direla dio, "hornikuntzaren kontratu estrategikoa" delakoan. Ez da gauza ziurra, bestalde, konpainiaren egoitza Iruñean edo Zamudion kokatuko den, Gasteizko Gobernuak ziurtzat eman zuena.

Ez da harritzeko modukoa Siemensek Gamesa erosteko baldintzak Alemaniako multinazionalaren aldekoak izatea. Tamalez, azken urteotan Euskal Herriko enpresak saltzeko joera nabarmena izan dugu, hastapenetan bultzada publikoaz abiatua, eta gero enpresa horiek atzerriko enpresen eskuetan geratu dira. Enpresa horien salmenten ondorioz onuradun gutxi batzuek milioiak eurrez jaso dituzte, baina enpresa eta langile askoren etorkizuna kolokan geratu da.

Enpresa-salmentaren prozesu hori, esan bezala, herrialde honetako erakundeen laguntzaz gauzatzen ari da. Tapia sailburuak salmenta txalotu du, onuragarria delakoan. Sailburu horrek, euskal enpresa bat saltzen den bakoitzean, bere oniritzia ematen du. Egia da iritzi hori haren pentsamolde neoliberalaren ondoriozkoa dela; ildo beretik doa, hain zuzen, TTIP bezalako akordioen alde agertzea, nahiz eta horrelako akordioen helburua eskubideak suntsitzea izan, gizarte-, ingurumen- eta lan-arloetako eskubideak suntsitzea, enpresek beren negozioak trabarik gabe egitea izan dezaten.

Ekonomiaren elitearen interesen alde doan industria-politika horren ondorioak egunero ordaindu behar ditugu; azkenaldi honetan, esate baterako, euskal altzairutegi batzuetan. Gogoratu beharrekoa da Eusko Jaurlaritzak eta BBKk 2011. urtean Sestaoko ACBren akzioen %20 saldu ziotela Mittal familiari.

ELAren iritziz Gamesako hornitzaileen sarea ziurgabetasun-egoera larrian dago. Gasteizko gobernuak, lasaitasun eta poztasunaren gezurrezko mezuak zabaldu beharrean, enpleguaren aldeko ekimenak bultzatu eta sustatu beharko zituen. Gaur egun ArcelorMittalen gertatzen ari dena, geroko batean Gamesan ere ikusi beharrik ez izateko.