ELA eta Geroa Bairen arteko bilera

2015/06/07
ELAk kezkaz ikusten du klaserik xeheenen kalterako desoreka zenbaterainokoa den. Nonahi gertatzen ari den bezala, sindikatua ziur dago elite politiko eta ekonomikoek gobernu berriari presioa eragingo diotela ezer alda ez dadin. Hain zuzen, Geroa Bairi azaldu diogu politika alternatiboak aldezten ditugun organizaziook izan beharreko hausnarketa, proposamen eta mobilizazio autonomiari buruz zer gogoeta egin dugun.

Sindikatuaren egoitzan joan zen ostiralean, hilak 5, izan zen bileran Geroa Bairen aldetik Uxue Barkosek eta Manu Aierdik hartu zuten parte, eta ELArenetik, Adolfo Muñoz idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntza Nafarroako arduradunak eta Ivan Gimenez Nafarroako Lanbidearteko arduradunak.

ELAk esker onez hartu du gobernua osatzeko alderdi politikoen artean izaten ari diren elkarrizketak zertan diren sindikatuari berri emateko GEROA BAIk agertu duen jarrera.

Sindikatuko ordezkaritzak Geroa Bairi hauteskunde aurretik egindako agiria (Nahi dugun aldaketa politiko eta sozialerako proposamenak) helarazi dio; bertan jasotzen da gobernu-ekintzarako gure eskarien mamia. 

ELAk Geroa Bairi, gobernu berria babestuko duten beste alderdiei bezala, honako mezua helarazi die:

  • Desberdintasun sozialari aurre egiteko premiazko beharra. ELAk gogoratu du doikuntza politikaren aurka dagoela erabat. Horrenbestez, sindikatuak zerga-erreforma sakon baten beharra nabarmendu du, azken urteetan errenta altuen, enpresa eta kapitalen alde egin izan diren aldaketa fiskalei atzera eragiteko; halaber, noski, batik bat errenta horietan kokatzen den iruzurraren jazarpena ere taxuz egin behar da.
  • Normalizazio politikorako gure ustez ezinbesteko jotzen ditugun kontuak, hots, erakundeen demokratizazioa eta Nafarroako euskal errealitatearen aitortza politikoa.
  • Bereziki eskatu dugu arlo soziolaboralari dagokion erregimenaren esparrua desegin behar dela, delako elkarrizketa sozialaren itxurapean erregimen hori eta bere politikak iraunarazteko eta sistema horretan parte hartu izan duten organizazioak finantzatzeko izan den heinean.

ELAk kezkaz ikusten du klaserik xeheenen kalterako desoreka zenbaterainokoa den. Nonahi gertatzen ari den bezala, sindikatua ziur dago elite politiko eta ekonomikoek gobernu berriari presioa eragingo diotela ezer alda ez dadin. Hain zuzen, Geroa Bairi azaldu diogu politika alternatiboak aldezten ditugun organizaziook izan beharreko hausnarketa, proposamen eta mobilizazio autonomiari buruz zer gogoeta egin dugun. ELAk ez du nahi aldaketa politikoa alderdien txandakatze hutsean geratzea; politika alternatiboak nahi eta behar ditugu, eta hauek posible izan daitezen mobilizazio soziala ezinbestekoa izango da etorkizunean ere.

ELAk jakinarazi dio Geroa Bairi bat datorrela herritar asko eta askoren pozarekin, erregimena babestu izan duten indarrek (UPN, PSN eta PP) orain arteko moduan jarraitzeko aukera emango ziekeen gehiengoa lortu ez dutelako.

Sindikatuak aipatutako norabidean doazen aldaketak aintzat hartuko ditu.