LANGABEZIA DATUAK

Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian eta lan merkatuaren geldialdia berretsi du

Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian eta lan merkatuaren geldialdia berretsi du
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, Hego Euskal Herriko langabeen kopuruak gora egin du berriro, eta behin-behinekotasuna ez da murriztu.

Langabezia berriro igo da Hego Euskal Herrian, 1.219 pertsonatan; guztira, 136.568 pertsona daude langabezian. EAEn 640 pertsona gehiago daude enplegu gabe, eta Nafarroan, berriz, 579. Emakumeen langabezia ere handitu egin da, baina neurri txikiagoan gizonenarekin alderatuta, 382 emakume gehiago daude langabezian, gizonen kasuan 837 direlarik. Hala ere, arrakala hor dago oraindik: bost langabetik hiru emakumeak dira, iazko proportzioa baino handiagoa. Sektoreei dagokionez, zerbitzuen arloan izan da igoerarik handiena; hala ere, kezkagarria da Nafarroako industriako langabeziaren hazkundea, 166 pertsona gehiago baitaude.

Gazteen langabeziari buruzko datuek ere joera negatiboa erakusten dute. Urrian 529 gazte gehiago geratu ziren langabe, eta guztira 12.643 dira kolektibo horretako langabeak. Pandemia aurreko maila baino handiagoa da, eta argi erakusten du gazteen prekarietatea ez dela koiunturazkoa, baizik eta egiturazkoa.

Kontratazioaren datuek ere lan merkatuaren prekarietatea berresten dute. Espainiako Ministerioaren arabera, urrian Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %76 aldi baterakoak izan ziren, hau da, lau kontratutik hiru.

Oro har, zifrek erakusten dute lan-merkatuak okerrera egin duela udazkenaren hasieran, funtsezko sektoreetako enplegu-galerak eta egiturazko desberdintasunen iraunkortasunak markatuta. Horregatik, ELAk neurri sendoak eskatzen ditu arazo honekin amaitzeko: prekarietatearen aurkako neurriak ezartzea, soldata-arrakalaren kontrako neurriak hartzea, eta soldaten kontsolidazioa eta KPIaren araberako igoerak bermatzea.