ELAk hizkuntz eskubideen aldeko egiazko neurriak galdegin dizkio Nafarroako Gobernuari
Maria Chivitek LORAFNAn euskararen “berezkotasuna” jasotzeko prest dagoela esan du, euskarak konnotazio politikoagoak zitueneko garaiak gainditu direlakoan. Eta esan du ere euskararen ikaskuntza hedatzea bilatu dela publikotik… behartu eta inposatu gabe eta euskara erabateko normaltasun aro bat bizi duela elkarbizitzari dagokionez… D eredua Nafarroa “osora” hedatu delako.
Nafarroako lehendakariaren diskurtso itxuraz normalizatzaile honek, gaur arteko PSNren jardun euskarafoboa ezkutatu besterik ez du egiten:
• Euskararen berezkotasuna Euskararen Legeko 2. artikuluan jasota dago 1986tik. Eta euskara sekula ez da inposatu, gaztelera bai, ordea.
• PSNk ez du euskararen ikaskuntza hedatzea bilatu, oztopatu baizik.
Finean, euskarak ez du “erabateko normaltasun arorik” bizi, hizkuntz eskubideak Nafarroako bi herenetan ez baitira onartzen PSN, UPN, PP eta Voxen ekimenez. Ez dago Chiviteren adierazpen horiek ospatzeko arrazoi objektiborik, alderantziz baizik. PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin osatzen duten gobernuak euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen dituen Merituen Dekretua onartu zuen, zenbait puntutan UPNren gobernuan zegoen legea baino okerragoa utziz. Beste hitz batzuetan esanda, Erriberan lanpostu publikoak eskuratzeko euskarari ez diote baliorik aitortzen, baina frantsesari, alemanari edota ingelesari bai eta euskararen balioa errotik mugatu du eremu mistoko udaletan.
Nafarroako Gobernu honekin hizkuntz eskubideak erbesteratuta daude. Chiviteren gobernuak D eredu publikoko lerro berriak irekitzeari oztopoak jartzen dizkio, foruzain izateko deialdian 1.200 lanpostutatik soilik lautan eskatu zen euskara (gaztelera guztietan), eta UPNk ezarritako PAI egitaraua gotortu eta hedarazi du. Euskararen berreskurapena geldiarazteko PSN zonifikazioa betikotzearen aldekoa da, UPN, PP eta Vox bezala.
Chiviteren PSNk euskararen alde jardun nahi balu ondorengo neurriak hartuko lituzke:
• Zonifikazioari bukaera eman eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaldu.
• PAI bertan behera utzi, eta Nafarroako ikasle guztiek euskararen gutxieneko ezagutza bermatu.
• Merituen Dekretua zuzendu (euskara jakitea sarituz).
• Lan deialdi publikoetan euskararen eta gazteleraren eskakizuna parekatzera jo arian-arian.
Azken bi legegintzaldietan erakutsitako jokabideak ez du baikorrak izateko motiborik ematen. PSNren esku dago gizartean euskarafobia ereiten jarraitu ala Nafarroa justuago, berdinzaleago eta erroei lotuago baten alde egin.