Adegi lan erreformaz baliatu nahi da Gipuzkoako metaleko negoziazioan

2012/03/20
ELAn gaizki deritzogu Adegiren jarrerari; izan ere, azken bileratik hona hilabete batez lan-erreforma aztertuz egon ondoren, orain asmo bakar batez itzuli dira negoziazio-mahaira: lan- eta gizarte-eskubideak murriztea, Gipuzkoako metalgileok urte luzetan borrokan ibilita lorturiko eskubideak. Hala erakutsi zuen atzoko bileran.

Adegik lanaldia luzatu nahi du, soldatak izoztu eta zenbait artikulu kendu, bai eta oraingo hitzarmenaren beste artikulu batzuk beherantz aldatu ere.

Adegik lan-erreforma aztertu du, eta Gipuzkoako Metalgintzara ekartzeko erabaki estrategikoa hartu du, nahiz eta horrela enpresa txikiek eta ertainek dituzten benetako arazoak konpondu gabe geratu, nahiz eta horrela Gipuzkoako Metalgintzan asaldatze-giroa piztu.

Adegik, berriz ere, istiluak eta gatazkak ekarri dizkigu negoziazio-mahaira, bere eskakizunez negoziazio-bidea oztopatuz. Erabaki estrategiko horren bidez, metalgile gipuzkoarron lan-baldintzak apaltzen eta prekarizatzen saiatuko da.

Adegik, lan-erreformaren murrizketen babespean, eraso eta eraispeneko jokabidea agertu du. ELAtik eskatzen dugun negoziazioaren abiapuntua oraingo hitzarmena izan behar da. Kontsumoa Gipuzkoan suspertu nahi badugu, KPItik gorako soldata-igoerak egitea baino baliabide hoberik ez dago. Metalgile gipuzkoarren lan-baldintza duinak zalantzan jartzea ez dugu onartuko.