Argindarraren prezioa %11,5 igotzea lapurreta da

2013/12/20
ELAk atrakotzat jo du datorren hilean aplikatuko den argindar tarifaren igoera, gutxienez %11,5ekoa. Halaber, Espainiako gobernuaren erreakzioa hipokrisia hutsa da: Ezin da galdetu prozesua “garbia” izan ote den, amarru hutsa eta lotsagabea baita. Hipokrisia diogu, gobernuak berak erabaki baitzuen prezioak finkatzeko sistema, eta horrenbestez, enpresen esku utzi tarifa jartzea.

Sindikatu honek gogoratu nahi du enpresa elektriko handi hauetan (Endesa, Gas Natural Fenosa edo Iberdrola, guztiak ere IBEX-35 indizean agertzen direnak), goi-kargu publikoen aterpe bihurtzen direla karrera politikoa utzitakoan; pertsona hauei administrazio-kontseiluetan postuak ematen dizkiete eginkizun publikoak zituzten garaian egindako zerbitzuen truke.

Gainera, enpresa hauetako arduradunak aitzindari dira patronalak soldaten aurka daraman gurutzadan: Duela gutxi Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak eta Alvaro Videgain Tubacexeko kontseilari-delegatuak hitzaldi bat helburu horretxekin eman zuten: soldaten jaitsiera aldarrikatzeko eta borroka sindikala auzitan jartzeko.

Enpresario handi hauek gizartearentzat izugarrizko gaitza dira honez gero; lasai asko jokatzen dute, babes politikoa dutelako. Gaitz honek gauza bakarra du buruan, bere etekina handitzea. Horregatik, sekula ez da izan gaur adina motibo mobilizazio sozialerako.