Erretiro-pentsioen erreformak beraien helburuak lortzen ari dira
Azken urteetan erretiro-pentsioek erreforma handiak jasan dituzte hauek murrizteko helburuarekin. 2011an Zapateroren Gobernuak murrizketak eta erreforma handiak egin zituen, eta 2013an Rajoyren Gobernuak ildo beretik jarraitu zuen. Aldaketa hauek guztiek helburu berbera izan dute, erretiro-pentsio publikoen baldintzak okertzea.
Gauzak horrela, erreforma hauetan parte hartu dutenak (CEOE, UGT eta CCOO, PSOE eta PPz gain), pozik egon daitezke, beraien xedea lortu baitute: pentsioak murriztea. PNV-k eta UPN-k ere zer ospatua izango dute, 2011ko erreforma onartzeko beraien abstentzioa beharrezkoa izan baitzen.
Erreforma hau, 2011koa, PSOEren Gobernuak patronalarekin, UGT eta CCOOekin adostu zuen. Eta honek jasotzen zituen aldaketa nagusiak ondorengoak dira: erretiroa 65 urteetatik 67ra atzeratu, pentsioa kalkulatzeko oinarria 15 urteetatik 25era igo, erretiroaren %100 jasotzeko kotizatu beharreko urteak 37ra igo, aurre-jubilazioen adina 63 urtetara igo, eta “jasangarritasun faktorea” delakoa ezarri zen. Hau pentsioak automatikoki murrizteko mekanismo bat da, gero eta urte gehiago biziko garelakoan, pentsioak doitu behar direlako ideiarekin.
2013an, Partidu Popularraren Gobernuak egindako erreformak neurri hauek ezarri zituen: “jasangarritasun faktorearen” baldintzak zehaztu zituen, eta pentsioak KPIaren arabera eguneratzeko betebeharra ezabatu zen, matematika formula konplexu bat ezarriz, gehienez KPIa gehi %0,25a igoko duena eta gutxienez %0,25a.
Orain jakitera eman denez 2015ean erretiro-pentsioak gutxiengoa igoko dira, hau da, %0,25. 2014an gertatu den moduan.
Eta okerrena da konstituzioaren 135. artikuluaren erreformaren jarraipena egiteko (zor publikoa ordaintzea lehenestea ezartzen duena) sortutako organo ikuskatzaileak esan duenez, pentsioek gutxieneko %0,25eko igoera izango dute 2020ra arte. Honek pentsio bat jasotzen duten pertsonen eros-ahalmena asko jaistea suposatuko du.
Gainera organo ikuskatzaile honek Gobernuak egindako kalkuluak berrikusi ditu, eta PP-ren Gobernuak pentsio publikoen sistemaren diru sarreren inguruko kalkuluak ez direla fidagarriak ondorioztatu du.
Honek suposatzen du diru-sarreren aurreikuspenak betetzen ez badira, are eta murrizketa gehiago egingo dituztela.
Ondorioa garbi dago, erretiroa aldatzeko hartutako neurriak beraien helburuak betetzen ari dira, murrizketak egin eta pentsio sistema publikoa barrutik jan.