M17ko grebarekin, Nafarroako gutxieneko soldatatik gertuago

2026/03/02
M17ko grebarekin, Nafarroako gutxieneko soldatatik gertuago
Madrilen erabakitzen den Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak (LGS) ez du bere eginkizuna betetzen: 1.221 euro horiek ez dute aukera ematen Nafarroan pobreziatik ateratzeko. Estatuko LGSaren zenbatekoa oso apala da oraindik ere, eta gure lurraldeko errealitate sozioekonomikoarekin ez dator bat. Esatea Nafarroan 1.221 eurorekin bizi litekeela zinismo hutsa da, eta inork ezin dio baieztapen horri eutsi iritzi publikoaren aurrean.

Horregatik, gure aldarria da Nafarroa bertako 1.500 euroko LGS bat ezartzea; horrek lan-merkatuan egoera okerrenean daudenei mesede egingo lieke (migratzaileak, emakumeak, gazteak...), eta bide batez gainerako soldatak handitzea eragingo luke, baita zeharka gizarte-prestazioak ere. Gainera, Nafarroako LGS bat ezartzeko egiten dugun proposamena autogobernuan aurrera egiteko eta bertoko lan-harremanen markoa eraikitzeko aurrerapausoa litzateke.

Iazko urtean zehar garatutako dinamikei esker (manifestazioak, elkarretaratzeak, sinadura bilketa, talde parlamentarioekiko bilerak) gure aldarria Nafarroako Parlamentura iritsi da: EH Bilduk eta Geroa Baik lege-proposamen bat erregistratu dute, eta hau datorren martxoaren 12an bozkatuko da.

Lege honen xedea da Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatzea, Autonomia Erkidego bakoitzak bere LGS ezar dezan. Nafarroako Parlamentuan erabakitako lege horrekin batera Madrilgo Kongresuan beste lege bat bozkatu beharko litzateke, eta horretarako hasi gara alderdi politikoekin bilerak egiten.

Gure proposamenaren arabera Autonomia Erkidegoek estatuko gutxieneko soldata handitzeko aukera izango lukete soilik, inola ere ez litzateke apalagoa izango. Beraz, gure asmoa legezkoa da, eta gainera Estatuko gainerako lurraldeetako langileriaren egoera hobetzeko atea irekiko luke, bermatuta bailegoke ez dela baliatuko LGS apaltzeko.

Nafarroako Parlamentuan legea aurrera atera dadin nahikoa litzateke Gobernua sostengatzen duten lau talde parlamentarioen aldeko botoa. EH Bilduk eta Geroa Baik adierazi dute haren aldeko jarrera, eta lege-proposamena onartuko bada PSNk eta Contigo Zurekin-ek ere bat egin behar dute harekin. Horregatik, alderdi hauei eskatzen diegu eman diezaiotela babesa proposamenari, lan-munduan okerren daudenen onerako. 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeak 50.000 herritar baino gehiagoren bizimoduan zuzeneko eragina izango luke. Hain zuzen hori da politikari eskatzen zaiona, jendearen bizi-baldintzak hobe ditzala; bestalde, gizarte-babes egokia bermatzea eskuin muturraren gorakada geldiarazteko modua ere bada. Nafarroako gutxieneko soldataren kontra jartzea patronalaren interesekin lerrokatzea da.

Tamalez, CENek, UGTk eta CCOOk gure proposamena errefusatu egin dute. CENen arrazoiak azaldu beharrik ez dago, soldata negargarriak ordaintzen jarraitu nahi baitu, baina UGTren eta CCOOen erantzuna ulertezina da eta ez da koherentea, kontutan hartuta EAEn zein Katalunian LGS propioaren alde egin dutela.

Chivite lehendakariaren jarrera ere justifikatzerik ez dago; ez digu bilera egiteko aukerarik eman. Chivitek erabaki hori berrikusi beharko luke, antidemokratikoa baita ekimen hau bultzatzen dugun sindikatuok (ELA, LAB, STEILAS, Hiru eta Etxalde) ez hartzea, langile nafarren % 40tik gora ordezkatzen dugularik.

Mugimendu sindikalaren historiak erakutsi digu lorpenak beti mobilizazioaren ondorio izan direla. Horregatik, orain kaletik eta lantokietatik presioa eragiten jarraitu behar dugu harik eta legea aurrera atera eta Nafarroan bertoko LGS bat erabaki arte. Greba Orokorrarekin helburu horretara hurbilduko gara. Martxoaren 17an, justizia eta elkartasunaren alde, hustu ditzagun lan-zentroak kaleak betetzeko.