ELAk kargu hartu dio Erkorekari langileen kaleratzea “zehar-kalte” huts gisa azaldu duelako
Eusko Jaurlaritzak joan den astearte honetan EAEko administrazioan lanaldia luzatzea erabaki zuen. Josu Erkoreka bozeramaileak aitortu zuenez, erabakiaren ondorioz plantilla murriztu egingo da, baina hau “zehar-kalte” huts bat bailitzan azaldu zuen. Beraz, Jaurlaritzarentzat suntsitzen den enplegu guztiek ez ote daukate larritasun bera? Hau da Gizalan, ELAko zerbitzu publikoetako federazioak, egiten duen galdera.
Erkorekak esandakoaren arabera, aldi baterako, bitarteko edo azpikontratetako langileak bigarren mailakoak dira, eta Administrazioak inolako arazorik gabe kalera omen ditzake. Aldiz, ELArentzat denak dira euskal administrazioko langileak, duten kontratua dutela ere, eta sindikatuak lanpostu horiek mantentzeko borrokan eta mobilizazioan jarraituko du.
Gizalanek joan den astean, hain zuzen funtzio publikoko Mahai Orokorraren bileraren ostean, salatu zuen Jaurlaritzak hartutako erabakia oso larria dela; lehenago edo beranduago EAEko administrazioko sektore guztietan, salbuespenik gabe, milaka lanpostu suntsitzea eragingo du. Josu Erkorekak garrantzia kendu nahi dion arren lanaldia luzatzeak enpleguan eragingo duen kalteari, milaka beharginek pairatuko dute, kontratuak berrituko ez zaizkielako edota dauden zerrendetatik deituko ez dituztelako.
ELAk mobilizatzen jarraituko du, eta ez du lanaldiaren luzapena ontzat emango, ezta mahai sektorialetan proposa daitezkeen egutegi-aldaketak ere, lanpostuak amortizatzea eragin badezakete; sindikatuak exijituko du lantokietan egungo enplegu maila manten dadila.