Administrazio ezberdinek jarraitutako bideak ez dakar enplegu suntsiketa eta langabezia gehiago baino

2013/10/24
Urteko hirugarren hiruhilekorako Hego Euskal Herrirako Biztanleria Aktiboaren Inkestak argitaraturiko datuak oso larriak dira berriro ere enplegu eta langabeziaren bilakaerari dagokionez, aurreko hiruhilekoarekiko 16.100 lanpostu suntsitu eta langabe kopurua 1.100 pertsonatan gehitu direla erakusten baitute.

Tamalez, ez da hau gertatzen den hiruhileko bakarra, aurreko urteko epe berdinarekiko 47.400 enplegu suntsitu baitira, eta langabe kopurua 7.000 pertsonatan igo.

Langabezia tasa %16,5an kokatu da, aurreko hiruhilekoan baino 0,3 puntu altuago eta aurreko urtean baino puntu bat gorago. Hego Euskal Herriko langabezia tasa 28-EBkoa (%10,9) baino 5,6 puntu altuagoa izan da, eta espainiar Estatuak (%26,2) eta Greziak (%27,9) soilik gainditzen dute. Datuak adierazgarriak dira: murrizketa eta erreforma handiagoekin, langabezia tasa altuagoa.

Administrazio ezberdinek jarraitutako bideak ez dakar enplegu suntsiketa eta langabezia gehiago baino, eta baita pobrezia eta gizarte babesik eza altuagoak ere. Nahikoa da interes ekonomiko apur batzuen esanetara egoteaz. Garaia da gizartearentzat gobernatzeko, urteak baitaramatza horrenbeste urte kostatu eta gero lortu diren eskubide sozial eta lan eskubideak galtzen. Antolakuntza eta borroka inoiz baino beharrezkoagoak dira entzunak izan gaitezen eta egoera honi buelta eman.