Gipuzkoako metal sektoreko langileen artean erantzun zabala izan du gaurko deitutako grebak
Gipuzkoako metal sektoreko langileen artean erantzun zabala izan du gaurko deitutako grebak. Langileek bat egin dute ELAren deialdiarekin eta jarraipen orokor horretan parte hartu ez duten enpresa bakarrak erreforma laboralaren aurka enpresa-hitzarmenen bidez blindatuta daudenak izan dira.
ELAk bere poza agertu nahi du, grebarekin Gipuzkoako metalgintzan erreforma laborala hobeto ezagutarazteko aukera izan baita. Egin diren ehunka asanbleetan argi geratu da lan-harremanetatik kanpo geratu behar duela Rajoyren, Fatima Bañezen eta ADEGIren erreforma, eta hori lortzeko modua enpresa-hitzarmenak dira.
Deialdiari esker dituzten hamar hitzarmenetik gora lortu dira, erreformari aurre egiteko klausulak barne. ELAk bide horri jarraituko dio: enpresetako borroka da erreferentzia egokia izan daitekeen hitzarmen sektoriala iritseko erarik zuzenena.
Unai Martinez Metaleko federazioko idazkari nagusiarentzat, "grebak erakutsi du ELA moldatzeko gauza dela erreformaz erreforma eraman gaituzten egoera honetara. Grebarako deialdia enpresa jakin batzutako langileei egin diegu: erreforma laboralak lan-baldintzak blindatzeko klausula legalak dituzten enpresa-hitzarmenik gabeko lantokietakoak; erantzuna positiboa izan da”. Martinezek gogoratzen du metalgileen eskubideen aldeko borrokari eutsi egin behar zaiola une honetan, enpresetan geldiarazi behar baita erreforma laborala. “Metal sektoreko egungo egoera espainiar gobernuek inposatzen dituzten erreforma laboralen ondorio da”.
ELA-Metaleko idazkari nagusiak nabarmentzen du “2011n Zapaterok CCOO eta UGTrekin erreforma laborala adostu zuen, eta honen arabera estatu mailako hitzarmenak probintzialen gainetik jarri zituzten. Gero, Rajoyren erreforma laboralak ezarri zuen enpresa-hitzarmenak aplikatzeko lehentasuna duela. Horrela iritsi gara egoera honetara, non hustu egiten baitituzte hitzarmen probintzialak goitik eta behetik”.
“Horregatik –dio Martinezek– orain gure lehen helburua da erreforma enpresetan ez sartzea, eta soldaten erosteko ahalmenari eustea. Honek behartu egiten gaitu enpresa-hitzarmenari berebiziko garrantzia ematera. Orain arte hitzarmen sektoriala derrigor bete beharreko minimoa zen, baina erreformarekin funtsezko aldaketa bat gertatu da: aurrerantzean gure lan-baldintzak enpresa mailan negoziatuko dira”.
ELA-Metaleko idazkari nagusiak metal sektoreko langileak animatu egin nahi ditu borrokan jarrai dezaten: “Gaur milaka beharginek egin dute greba eta kaleratu dira beren eskubideen alde. Bide beretik jarraituz, datorren maiatzaren 30ean beste ezinbesteko hitzordu bat daukagu: greba orokorra. Eta ezin ahaztu ekainerako beste sindikatuei luzatu diegun mobilizazio proposamena”.