UDALHITZ GREBA

Udal langileek, alderdi politikoei: "Borrokan tinko jarraituko dugu"

2026/06/04
Udal langileek, alderdi politikoei: "Borrokan tinko jarraituko dugu"
Eudelek pasaden astean helarazi zigun proposamena ez da nahikoa aldarrikapen batzuk eta zehaztasunak faltan daudelako.

ELAk eta LABek positiboki baloratzen dute sektoreko greba eta mobilizazioen ondorioz eduki batzuk mahaira ekartzea lortu izana. Era berean, adierazten dute aurrera pauso gehiago ekarri ezean baloratuko dutela sektoreko greba eta mobilizazio dinamikan sakontzea

EAEko udaletan urte asko daramagu lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe eta ondorioz, udaletako langileon lan baldintzak asko okertu dira. Azken hilabeteko Udalhitzeko mahaietan ez dira aurrera pausurik egon baina greba eta mobilizazioen eraginez pasaden asteko mahaian Eudelek proposamen berri bat helarazi zigun.

Testu berriak eduki batzuk jartzen ditu mahai gainean, eta ELAk eta LABek aurrera pausua bezala hartu ditugu, baina ez dira nahikoak sektoreak dituen aldarrikapenak falta direlako. Izan ere, besteak beste, aldarrikapen hauek falta dira: eros-ahalmenaren berreskurapena eta etorkizuneko soldatak Madrilen ez erabakitzea, pribatizazioak ekiditeko neurri zehatzak eta zerbitzu horien publifikazioa bertako langileak subrogatuz, gazteberritze planetarako neurri zehatzak, jardunaldi murrizketa handiagoa, euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea eta hautaketa prozesuetan aurrera pausuak.

ELAk eta LABek momentu erabakigarri batean gaudela uste dugu. Grebak eta mobilizazioak ondo ateratzen ari dira, Eudelen eragitea lortu dugu eta pilota Alderdi politikoen teilatuan dago. Gaurko greban udal batzuk guztiz itxi eta hainbat eta hainbat udal zerbitzu baldintzaturik daude, grebak EAEko udaletan desnormalizazioa sortu duela baieztatu dezakegu. Udal langileok gaurko greba egunean ozen adierazi diegu agintariei gure lan baldintzak hobetzeko garaia dela eta hemen erabaki nahi ditugula. Bilbon eginiko mobilizazio bateratuan milaka udal langilek borrokarako prest daudela adierazi dute.

Beraz, ELAtik eta LABetik zuzenean interpelatu nahi ditugu EUDEL osatzen duten EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteak. Aukera bat dute hurrengo asteko ekainaren 12ko mahaian greban dagoen EAEko udalen sektoreak dituen aldarrikapenak mahaian jartzeko. Gainera, alderdi politikoek ekainaren 11n duten EUDELeko Batzorde Iraunkorrean Udalhitzeko mahai-negoziatzaileko gehiengo sindikal zabalak adierazitakoa errespetatu eta onartzeko exijitzen diegu; euskaran eta zerbitzu publikoen kudeaketan gehiengo sindikalaren iritzia errespetatzetik etorriko baita adostasuna. Hala egiten ez badute, sindikatuok baloratuko dugu greba eta mobilizazio dinamikan sakontzea hurrengo hilabeteetan.