BIZKAIKO ERAIKIN ETA LOKALEN GARBIKETA

Negoziazioen blokeoa salatzeko greba

Negoziazioen blokeoa salatzeko greba
Bizkaiko lokal eta eraikinen garbikuntzako langileek murrizketak atzera botatzea eskatu dute, bai eta lanpostu hutsen sistema bat ezartzea, soldata-hobekuntzak eta lan-kargak hobetzea ere. Beste bi greba egun deitu dira urtarrilaren 14rako eta 15erako.

Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketako sektoreko langileek beste greba egun bat egin dute gaur, ELAk eta LABek deituta, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko, ASELBI eta ASPEL patronalekin urtebeteko bilerak egin ostean ez atzera, ez aurrera baitago negoziazioa. Horretarako, manifestazioa egin dute gaur Bilbon, eta amaieran, Moyuan, salatu dute patronalek murrizketak egin nahi dituela langileek egun dituzten eskubideetan.

Hain zuzen ere, FCC, EULEN, SERVEO eta CLECE bezalako irabazi handiak dituzten enpresek osatutako patronal horiek nahi dutena da hitzarmeneko antzinatasun eta baja osagarriak okertu, soldata igoera irrigarrien truke; sektorea prekarietatera kondenatzen jarraitzen dute. Gainera, ez diete jaramonik egiten sektorearen aldarrikapen nagusiei, hala nola: planteatutako murrizketak berehala kentzea, sektorean partzialtasuna kentzeko aukera emango duen hutsune sistema ezartzea eta 1.500 €x 15 ordainsaria bermatuko dituzten soldata igoerak ezartzea.

Gogoratu behar da partzialtasuna nagusi den sektore feminizatu batez ari garela (11.000 langile ditu), astean 3 orduko lanaldiak izan ditzakete, eta hitzarmenean ez dago lanaldiak handitzeako inolako bermerik. Gainera, soldatak 18.000 € ingurukoak dira kasurik onenean, eta, beraz, ezinezkoa zaie hilabete amaierara iristea. Hori guztia, lan karga handiekin, onartezinak direnak eta plantillen osasunari kalte egiten diotenak.

Gaur egindako greba egunak jarraipen zabala izaten ari da, eta dagoeneko beste bi greba egun deitu dira urtarrilaren 14rako eta 15erako. Etorkizunean beste greba egun batzuk deitzeko aukera ez da baztertzen.