Psikiatriako Eguneko Ospitalea gainezka dago profesional faltagatik
Arabako Osasun Mentaleko Sareko Psikiatriako Eguneko Ospitaleak tratamendu intentsiboa behar duten 16 eta 35 urte bitarteko paziente gazteak artatzen ditu. Paziente horiek Arabako ESIko ospitale-zerbitzu psikiatrikoetatik, Arabako Ospitale Psikiatrikotik edo lurraldeko osasun mentaleko beste zentro batzuetatik bideratzen dira. Zeregin hori betetzeko, gaur egun, zerbitzuak psikiatra erdi bat, psikologo kliniko bat, erizain espezialista bat eta bi monitore ditu. Psikologia Klinikoko lanpostua hutsik dago eta ez da aurreikusten epe laburrean betetzea.
ELAk hilabeteak daramatza salatzen langileak falta direla eta zerbitzu hori ematen duten profesionalen estaldura handitzeko eskatzen, eskura dauden baliabideak ez baitira nahikoak eskaera handiari erantzuteko.
Irailaren amaieran, Osakidetzak iragarri zuen espezialitaterik gabeko psikologoak sartuko zirela Lehen Arretan, osasun mentalari lotutako patologiak artatzen dituzten langileak indartuko zirela, itxaron-zerrendak murriztuko zirela eta profesionalek jasaten dituzten lan-karga altuak arinduko zirelaren itxura eman nahian. ELAk orduan ohartarazi zuen neurri horrek ez zituela sakoneko arazoak konponduko; izan ere, gaur egun osasun mentaleko patologiak artatzen dituzten zerbitzuek prekarioan lan egiten jarraitzen dute, itxaron-zerrendak ez dira murriztu, eta pazienteek ikusten jarraitzen dute osasun publikoak ez dituela baliabide egokiak erabiltzen osasun mentalari buruzko patologiak artatzeko. Hau horren adibide garbia da, nabarmendu du sindikatuak.
ELAk irmo dio ezin dela utzi estaldurarik gabe gaixotasuna sendatzeko prozesuan dagoen pertsona, zerbitzu horrek eskaintzen duen laguntza eta tresnarik gabe, eta, era berean, ezin dela onartu ospitaleratzeak beharrik gabe luzatzea, horrelako zerbitzuetan baliabide falta dagoelako.
ELAk plantilla indartzeko eta Osakidetzako Osasun Mentaleko Sareetan egunez egun handitzen ari den profesionalen gabezia konpontzea eskatu du.