Patronalak negoziazioa blokeatuta mantentzen du
Arabako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen du. Gaur egindako bileraren ondoren, ELAk salatu du SEA patronalak sindikatuen eskaera nagusiei erantzuteari uko egiten diola eta atzerapausotzat jotzen dituen proposamenei eusten diela.
Joan den ekainaren 17an ehunka lagun mobilizatu ziren Gasteizen soldata duinak, lanaldi murrizketa eta prekaritatearen aurkako neurriak eskatzeko. Hala ere, patronalak ez du negoziazioa desblokeatzeko pausorik eman.
Sektoreak irabazi handiak izaten jarraitzen duen arren, SEAk langileen erosahalmena bermatzeari eta lanaldia, lan osasuna zein enpleguaren egonkortasuna hobetzeko neurriak adosteari uko egiten diola salatu du ELAk. Egoera horren aurrean, mobilizazioak indartuko dituela iragarri du, Arabako metalgintzako 25.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortzeko.