ELAk beste lau greba egun deitu ditu, azaroaren 17tik 20ra
ELAk Bizkaiko lokalen eta eraikinen garbiketa sektorean beste lau greba egun deitu ditu, azaroaren 17tik 20ra bitartean. Langileek dagoeneko 17 greba egun egin ondoren iritsi da deialdia.
Negoziazioa erabat blokeatuta dago, ASELBI eta ASPEL patronalek langileen ordezkaritzaren azken proposamenak baztertu ondoren. Egoera horren ondorioz, gaur egun ez dago zehaztuta bilerak noiz berrabiaraziko diren ere.
ELAk uste du patronalek egindako azken proposamenak lan eskubideen murrizketak jasotzen jarraitzen duela, bereziki antzinatasunari eta gaixotasunagatiko bajetan jasotzen diren osagarriei dagokienez. Gainera, sektoreko aldarrikapen nagusiei erantzun gabe jarraitzen duela salatu du.
Horien artean, urteko 22.500 euroko diru-sarrerak bermatuko dituen soldata igoera. Halaber, hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko sistema eraginkor bat ezartzea eskatzen dute, langileek lanaldi osoak eskuratu ahal izan ditzaten eta sektorean oso hedatuta dagoen lanaldi partzialaren arazoa murriztu dadin.
ELAk patronalen jarrera kritikatu du, eta sektoreko enpresek (ISS, EULEN, SERVEO eta FCCk) langileen eskaerei erantzuteko gaitasun ekonomikoa dutela adierazi du.