ELAk hiru greba egun deitu ditu negoziazioa blokeatuta dagoelako
ELAk hiru greba egun deitu ditu Gipuzkoako ehungintzan azaroaren 25erako eta abenduaren 22 eta 23rako. Gipuzkoako ehungintza merkataritzaren hitzarmenaren negoziazioa 2026ko otsailaren 23an hasi zen, baina ordutik patronalak ez du sakoneko proposamenik aurkeztu egin diren zortzi bileretan. ELAk, negoziazio mahaian gehiengo osoa duen sindikatuak (sektoreko ordezkaritzaren % 83,56), ohartarazi du ADEGIk jarraitzen badu proposamenik aurkeztu gabe eta langileen aldarrikapenei heldu gabe, ez duela baztertzen greba egun gehiago deitzea.
Gipuzkoako ehungintza merkataritzan 2.200 langile inguru daude, eta horietatik % 95 baino gehiago emakumeak dira. Sektore honek zailtasun handiak ditu, eta horrek zuzenean eragiten die langileen bizitzari: kontziliaziorako aukera gutxi ordutegien ondorioz, etengabeko aldaketak funtzioetan eta zereginetan, lanpostuak murriztea digitalizazio prozesuen ondorioz eta lan karga handiak, besteak beste.
ELAk arazo horiei erantzuteko aldarrikapenak bildu ditu. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: lanaldi murrizketa, soldata hobekuntzak, kontziliazioa erraztuko duten neurriak, larunbat libreak, plus berriak eta lan baldintzak hobetzea.
Aurreko hitzarmena 2023an sinatu zen, 19 greba egunen ondoren.