2027ko zerga akordioa

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk sakoneko zerga erreforma bati uko eginez amaituko dute legegintzaldia

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk sakoneko zerga erreforma bati uko eginez amaituko dute legegintzaldia
Akordioa doikuntza partzialak egitera mugatzen da, eta zerga sistema bidegabeak bere horretan jarraitzen du, errenta altuei eta kapitalari mesede eginez, zortzi zerga akordioren ondoren. Nafarroako botere ekonomikoen menpe dago zerga politika, eta horrek pobrezia eta desberdintasuna areagotzea dakar.

ELAk uste du Nafarroako Gobernuaren zerga-proposamen berriak agerian uzten duela, beste behin ere, sakoneko zerga erreforma bati ekiteko borondate politikorik eza. Beste behin, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek EH Bildurekin adostu dituzte Nafarroako zerga sistemaren arazo nagusiak konpontzen ez dituzten eta aberastasunaren banaketa bidezkoago baterantz aurrera egiten ez duten aldaketa eta doikuntza partzialak.

Zerga sistemaren zama, batez ere, lan errenten gain dago. Kapital errentek, ondare handiek eta enpresen mozkinek, aldiz, behar baino ekarpen txikiagoa egiten dute: diru bilketa osoaren hiru laurden langile klasearen bizkar daude, enpresek Europako batez bestekoaren erdia ordaintzen dute, Ondarearen gaineko Zergak biztanleriaren % 1ari baino ez dio eragiten, eta iruzur fiskal handia dago. Egoera horrek bere horretan jarraitzen du, UPN Gobernutik atera zenetik hiru legegintzaldi igaro diren arren, zerga politikan egiturazko aldaketarik ez delako egin.

PFEZari buruz adostutako neurriei dagokienez, sindikatuak positibotzat jotzen du errenta txikienen gaineko zerga presioa arintzea, baina neurri horrek errenta altuei eta kapitalari ezarritako zergen igoerarekin batera etorri beharko luke. Alde batetik, alarguntza eta erretiro pentsioak 16.600 euroraino osatzeko neurria nabarmentzen da, kenkari fiskalen bidez. Iaz ere ezarri zen neurri hori, baina kopuru txikiagoarekin. Neurri positiboa da, baina zehaztu egin beharko litzateke zenbat pertsonari eragiten dien eta benetako irismena zein den. Bestalde, PFEZaren deflaktazioak langile batzuen zerga zama partzialki arindu dezake, baina ezin da zerga erreforma gisa aurkeztu.

ELAk zerga erreforma integrala eskatzen du, politika publikoetarako behar adina baliabide bermatzeko eta gehien dutenen pribilegio fiskalekin amaitzeko. Ildo horretan, deitoratu egiten du UPNren ezkerrean dauden alderdiek kapitalaren eta enpresen pribilegioak auzitan jartzeari uko egin izana. Langile klasearentzat bidezkoagoak diren zerga alternatibei buruzko eztabaidarik ez planteatzea albiste txarra da eraldaketa sozialaren alde egiten duten erakunde guztientzat.