Mitxel Lakuntza Aitor Estebani: "EAJk erabaki behar du euskal lan hitzarmenei edo Madrilekoei emango dien lehentasuna”

2021/11/11
Mitxel Lakuntza Aitor Estebani: "EAJk erabaki behar du euskal lan hitzarmenei edo Madrilekoei emango dien lehentasuna”
ELAk aurreikusitakoa betetzen ari da: “Begi-bistan geratu da lotuta daudela Europako funtsak eta pentsioen jaitsiera". Hala ziurtatu du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak Euskadi Irratiko elkarrizketan. Funts horien trukean, pentsioak kalkulatzeko kotizazio epea luzatu beharko duela iragarri baitu Espainiako Gobernuak, “bestelako alternatibarik ez balego bezala”, deitoratu duenez, egon badagoenean, Kongresuaren onespena ezinbestekoa izango baita aldaketek aurrera egin dezaten. Horregatik, Lakuntzak ziurtatu du "EAJren eta EH Bilduren esku" dagoela hori geldiaraztea, botoen bidez.

 

Aitor Esteban EAJko Madrilgo ordezkariaren hitzekin bereziki kezkatuta azaldu da Lakuntza. Lan erreformaren indargabetzeaz galdetuta, Estabanek adierazi baitu ez dagoela indar korrelazio nahikorik hitzarmen estatalak baztertu eta Euskal Herrikoen alde egiteko. Lakuntzaren itauna: “Horrek zer esan nahi du, estatuko hitzarmenei lehengatsuna emango diela, askoz kaxkarragoak direnean?”. Horregatik, idazkari nagusiak honakoa berretsi du: “EAJk erabaki behar du lehentasuna ematen zaien euskal hitzarmenei edo Madrilgoei”, "euren esku ere badagoelako". EH Bilduri, bestalde, eskatu dio esandakoaren eta bozkatuko dutenaren artean koherentzia egon dadila.

Nafarroako zein EAEko aurrekontuak ere gogor gaitzetsi ditu idazkari nagusiak. Eta mobilizaziorako deia ere egin du. Elkarrizketa osorik hemen.

ENTZUN ELKARRIZKETA: https://labur.eus/OsOYn