Kutxabankek 263 lanpostu suntsitu ditu
Kutxabanken enpleguak 2012. urtean izan duen bilakaera benetan txarra izan da. EAEko hiru kutxak bat egiteak ekarri duen ondorio zuzenetako bat hori izan da. Izan ere, aurrerantzean, banku pribatuek bezala, etekinak beste edozein helbururen gainetik daude.
Lan-arloari bagagozkio, aipatu beharrekoa da enpleguaren bilakaera. Kutxabankeko 263 lanpostu suntsitu dira kopuru garbietan Euskadin 2012. urtean.
Ezabatu diren postu horietako batzuk erretiratu direnen postuak izan dira, baina beste zati handi bat behin-behineko kontratuak zituzten langileenak izan dira. Langile horietako batzuk lanean urteak eman arren, bategitearen ondoren kaleratuak izan dira. Euskal gazte horiek langabe bihurtu dira “gizarte osoaren onerako izan behar zen bategite zoriontsu baten ondorioz”, hala esaten baitzuten bategite/pribatizazio horren bultzatzaileek.
Azken batean, Kutxabankek 2012an utzi duen saldoa murrizketen saldoa izan da: bere langileei egindako murrizketak, gizarte-ekintzari egindakoak, eta enpleguari egindako murrizketak: 263 lanpostu gutxiago; hori dela-eta, euskal gazte horiek guztiek beren ogibidea galdu dute, eta ondorioz euskal gizarte osoa atera da kaltetan. Hortxe ditugu bategitearen fruituak.