Foru Aldundiak eta patronalek prekaritatea iraunarazi nahi dute
180 egun baino gehiago daramatzate greban Gipuzkoako erresidentzieta. Halere, hitzarmena negoziatzeko mahaia izan da Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan eta patronalek ez dute urratsik egin.
Apirila hasieran, ELAk langileen aldarrikapenak jasotzen zituen proposamen berri bat bidali zien hiru patronalei (Matia, Adegi eta Lares) eta Aldundiari, sektorearen prekaritatea ezabatu eta gatazka konpontzeko asmoz.
Patronalek aurreko mahaian soldata igoeretan hobekuntza txiki bat iragarri bazuten ere, eskaintza urria da eta ELAren proposamenetik urrun dago.
Besteak beste, ELAk eskatu du langileek lanaldiaren % 100eko kontratuak izatea. Izan ere, gaur egun 5.000 langile inguru dituen sektore batean, ia erdiek borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak dituzte. Eta gaur egun sektoreak duen prekaritatearen elementu nagusia hori izanik, patronalek ez dute inolako neurririk ekarri.
Horren aurrean, sindikatuak berriro eskatu dio Aldundiari bere gain har dezala erantzukizuna eta premia politikoa. Bide beretik, patronalei eskatu die prekaritatearen aurkako neurriak mahai gainean jartzea hurrengo negoziazio mahaian.
ELAk datorren astean iragarriko ditu hurrengo greba egunak.