FISKALITATEA

Mitxel Lakuntza: “EAJren zerga-politika patronalak markatzen du”

2026/06/22
Mitxel Lakuntza: “EAJren zerga-politika patronalak markatzen du”
Cebek-ek eta Garamendik (CEOE) txalotu egin dituzte Bizkaiko Diputatu nagusiak iragarritako neurriak; agerian geratu da enpresek erabakitzen dutela.

Bizkaiko Aldundiak joan den astean aurkeztutako proposamen fiskalean abantaila gehiago izango dira enpresentzat, esaterako enpresa-transmisioaren gaineko zerga arinagoak, enpresa-errenta jakin batzuentzako hobariak eta beste lurralde edo herrialdeetatik datorren kualifikazio handiko jendeari zerga gutxiago ordainaraztea. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak esan duen legez, “EAJren zerga-politika lehentasun patronalak gidatzen du: enpresa handien etekin-gosea herritarren beharrizanen gainetik kokatzen da”. Lakuntzak salatu du orain dela hilabete Bizkaiko Cebek patronalak eskatu zuela fiskalitatea enpresen alde baliatzea, eta orain neurriok txalotu dituela. “Cebek da erabakitzen duena zerga gaietan zer den ona eta zer txarra”.

Neurri hauek iragartzearekin batera Elixabete Etxanobe diputatu nagusia Madrilen izan da, atzerriko inbertsioak erakartzeko ekitaldi batean; lagun izan ditu Iberdrola, Petronor, BBVA eta Telefónicako ordezkariak, baita Antonio Garamendi CEOEko burua ere. Aipatutako ekitaldian Etxanobek ostera ere Bizkaiko fiskalitatea azaldu du inbertsioa erakartzeko eta enpresen mozkinak handitzeko tresna gisa, Gipuzkoa eta Arabarekiko beheranzko lehian. Garamendiren arabera, Aldundiaren proposamena jarraitu beharreko eredua da. ELAko idazkari nagusiak salatu duenez, “CEOEren eskutik Aldundiak Ayusoren eskuliburua darabil: abantaila gehiago enpresa handientzat eta kapitalarentzat”.

ELAk errefusatu egin ditu enpresen transmisioa errazteko hobariak, baita enpresen plusbalien gaineko zergak arintzea ere. Hain zuzen, Aitor Murgia ELAren Azterketa Bulegoko arduradunak ohartarazi du azken neurri hauek 2025eko zerga-erreformaren ildo beretik datoz, enpresentzako fiskalitate pribilegiatua areagotuz. “Europako batez besteko mailarekin parekatuz gero gure zerga-sistemak 7.500 euro gehiago bilduko luke herritar bakoitzeko, eta neurri hauek biltzen den dirua areago murriztuko dute”. Gainera, “enpresen mozkinak azken urteotan bikoiztu diren arren, enpresen ekarpena 2018tik hona 38 milioi euro txikiagoa da”.

Salatu beharreko beste iragarpen bat aseguru mediko pribatuen gaineko kenkariak dira. Murgiak esan duenez, horren aldeko erabakia benetan larria da, izan ere, Osakidetzak eta zerbitzu publikoek oro har inbertsio urriegia jasotzen baitute, edota zerbitzuak kanporatzen ari baitira. “Hau osasungintza publikoari egiten zaion zuzeneko erasoa da; hura hobetzeko inbertitu ordez EAJk diru hori aseguru pribatuetara bideratu nahi du, kenkariak ezarriz”.

ELAren iritziz erabaki hauek agerian uzten dute euskal erakundeen eredu ekonomikoa: botere politikoaren eta enpresa handien arteko aliantza estua, zeinetan zerga-politika enpresen eskariak asetzeko baliatzen den. Fiskalitate progresiboago bati buruzko eztabaidak baztertuta, ongizate estatua berrikusi eta gastu publikoa izozteko asmoak gailentzen dira.

ELAren ustez kapitala erakartzeko eta elite enpresarialak asebetetzeko fiskalitatearen ordez zerga-erreforma bat egin behar da, enpresen eta kapitalaren ekarpena handiagoa izan dadin, administrazioak iruzurra eta elusio fiskala borroka dezan eta aberastasunaren banaketa bidezkoa izan dadin.

Irakurri ELAren proposamen fiskala