EAJk eta PSEk edukiz hustu egin dute ELAk 110.000 sinaduraren babesarekin Legebiltzarrera eraman zuen herri-ekimena

2016/02/01
EAJk eta PSEk edukiz hustu egin dute ELAk 110.000 sinaduraren babesarekin Legebiltzarrera eraman zuen herri-ekimena
ELAk salatu nahi du EAJk eta PSEk oraingoan ere euskal administrazioen azpikontratetan lanean ari den jendearentzako prekarietatearen hautua egin duela, lehiaketa publikoetan banatzen diren zerbitzuak gero eta merkeago lortzearen truke; berdin zaie hori 55.000 pertsonaren bizi-baldintza eta enplegu egonkorraren kaltetan izatea.

ELAk Legegintzako Herri Ekimen (LHE) bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean 2013ko urriaren 29an; bi urte luze igaro direlarik, gaur EAJk eta PSEk prentsa-ohar bidez jakitera eman dute LHEaren ibilbidea amaitu dela Ponentzian. Hurrengo urratsa Ogasun Batzordeak Ponentziaren txostena onartu eta Legebiltzarreko osoko batzarrean eztabaidatzea izango da.

ELAk salatu nahi du EAJk eta PSEk oraingoan ere euskal administrazioen azpikontratetan lanean ari den jendearentzako prekarietatearen hautua egin duela, lehiaketa publikoetan banatzen diren zerbitzuak gero eta merkeago lortzearen truke; berdin zaie hori 55.000 pertsonaren bizi-baldintza eta enplegu egonkorraren kaltetan izatea.

Aipatutako bi alderdiek adostu duten agiriak boikota egiten die LHE honetako eduki nagusiei: subrogazioa eta erreferentziazko diren Lan-Hitzarmenen aplikazioa. Ez dago aurrerapausorik, ezer positiborik, ez enpleguaren egonkortasunean, ezta baldintzei dagokienez ere.

ELAk erabat arbuiatzen du EAJren eta PSEren arteko akordio hau. Sindikatuaren iritziz, agerian geratu da Eusko Jaurlaritzak esaten duenean jendearen lan-baldintzekin kezkatuta dagoela eslogan bat ari dela erabiltzen, erretorika hutsa alegia. Horretarako aukera eta eskumena izanagatik ere, baztertu egin dute ELAk aurkeztutako LHEa baliatzea patronalaren gehiegikeriei eta diru-goseari mugak jartzeko.

PSE makurtu egin da hasieratik EAJk zuen posiziora. Duela hilabete batzuk aurkeztu zituen zuzenketek ez dute zerikusirik oraingo akordioan adostu denarekin. Emaitza albiste pozgarria izango da azpikontratetako langileak esklabo gisa mantendu nahi dituzten enpresa piratentzat.

ELAk sentsibilitate ezari mobilizazioarekin erantzungo dio.