Europa, lotsagarri munduaren aurrean
Irailaren 14ko Justizia eta Barne-gaietako Kontseiluaren premiazko bilerak porrot egin zuen. EBk ez du oraindik lortu “errefuxiatuen krisi” delako honetan oinarrizko giza-eskubideen urraketari modu koordinatu eta estrategikoan aurre egiterik. Areago, bere erantzukizunari muzin eginez errefuxiatuak hartzeko kuotak ezartzera mugatu nahi du, asilo eskubidearen inguruko nazioarteko legeak urratzen dituelarik.
Gainera, bereizketa arriskutsu bat egiten ari dira, batetik “migranteak” eta bestetik “errefuxiatuak”; izan ere, EB mailako migrazio-politika komunik ez baitago, eta estatuen mugetako kontrol militarrak egitea da otu zaien bakarra. Horrela migrazio-fluxuak kriminalizatu egiten dira, benetan jite sozioekonomiko estrukturala badute ere.
Ekonomia gailendu izanak Europa printzipio etiko eta politikorik gabe utzi du, eta ondorioz oraingoan ere bere benetako aurpegia agertu da: enpresa- eta finantza-eliteen mesedetan taxututako proiektu ekonomiko antidemokratiko eta antisoziala. ELAren ustez ezin da onartu bankuen erreskatea lehenestea, eta ez pertsonena. Europan azkar asko eta gogor ezarri ziren erreskate eta austeritate neurriak. Negozioa beste edozerren gainetik dago; pertsonak ez dira aintzat hartzen.
XXI. Mendeko Europa honek bere mugak ixten ditu, gotorleku bilakatu nahian; baina paradoxa da orain desesperaturik iristen diren pertsona hauek pairatzen ari direla EBren politika neoliberalek (merkataritzari eta doikuntza estrukturalari buruzkoak) eta geostrategiko neokolonial eta inperialistek (EB Ekialde Ertaineko gerren konplize da) eragindako ondorioak. Egunez egun jendea hiltzen ari da. Mugak eta legeak ezin dira gizon-emakume eta haurrentzak hesi bihurtu.
Bestalde, estatuen jokabideak eskuin muturreko adierazpide eta posizio arriskutsuak hauspotzen ditu. Adibidez, PPko hainbat arduradunek errefuxiatuak kriminalizatzen ari dira, mugimendu jihadistarekin lotuaz. Izan ere, iradokitzen ari dira siriar exodoaren atzean Estatu Islamikoa dagoela. ELAren ustez eztabaida hau interesatua eta arriskutsua da; eskuhartze militarrari atea irekitzen dio, eta berriro ekar dezake gerra eta gatazken benetako erroak zein diren aztertzeko aukera baztertzea.
EBk goi-bilera gehiago egingo ditu errefuxiatuak banatzeko kuotak ezartzeko; bitartean, ELAk politika egiteko aukera ukatzea salatu egingo du, eta gobernuei galdegingo diegu oinarrizko giza-beharrizanak ase ditzatela, harrerako politiketan errefuxiatuentzako eta migranteentzako enplegua, etxebizitza, heziketa eta osasuna aurreikusten duten politikak garatuaz.
Haatik, tragedia humanitario honi ematen zaion erantzuna asistentzialismo hutsa bada, gatazken zergatietara jotzen ez bada, tarteka antzeko errealitateak ikusiko ditugu, eta abagune historiko bat galduko da berriro. Horregatik, nazioarteko politika bat behar da gatazkei konponbide politikoa eman eta migranteen jatorriko herrialdeetan garapen ekonomiko eta soziala lortzeko. Pertsona erdigunean kokatuko duen Europa mailako migrazio-politika bat exijitzen dugu. Hain zuzen, hau une ezin hobea litzateke europar proiektuaren oinarriak berriz definitzeko, baina ez dirudi gobernuek honetarako asmorik dutenik.
Estatuek ezer egiten ez dutelarik, herritar askok aurrea hartu diete. Txalotzekoa da herritarrengandik (eta erakunde batzurengandik) sortu den elkartasun olde hau. Espero dugu emozioak ekintzara bultzatu eta harago joatea posible izatea, nazioarteko salaketan indarrak bat eginez. ELA prest dago salaketa eta solidaritateko dinamika sozial honetan parte hartzeko.