ELAk exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari aparteko ordainsaria itzultzeko justizia administrazioko funtzionarioei

2013/11/12
Sindikatuak EAEn (Administrazioarekiko Auzien Epaitegian) jarri duen administrazioarekiko auziak kontuan hartuz, eta Andaluzian emandako epai irmoa ikusita.

 

Administrazioarekiko Auzien Epaitegi batek, epai irmoz, ebatzi du Justiziako funtzionarioei egindako soldata-murrizketa “modu anomaloan eta legez kanpo” egin zela, eta “Zuzenbidez kontrakoa" dela. Bestalde, kendutako aparteko ordainsaria itzultzeko eskatuz EAEko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian Eusko Jaurlaritzari jarritako demandak aintzat hartuz, ELA-Justiziak exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari 2012ko abenduaren aparteko ordainsaria berehala itzultzeko Justiziako funtzionarioei.

ELA-Justizian dugun iritziaren arabera epai horrek sindikatuaren eskakizun-ildoa berretsi du; hau da, 2010etik ezarri izan diren murrizketak itzultzekoa —aparteko ordainsaria ere barne—, ez baitute besterik ekarri enplegua suntsitzea eta eroste-ahalmenaren %20tik gora galtzea baino. Areago, Justiziako ordezkari sindikalok eskatu genuen joan den ostiralean Eusko Jaurlaritzan —Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordearen baitan izandako agerraldian, eta Josu Erkoreka sailburuaren aurrean— homologazio-akordioa oso-osorik betetzeko, eta 2010etik egindako murrizketak itzultzeko.

Justiziako kidegoak 2500 langile ditu EAEn, eta 1996. urtean eskualdatu zen Eusko Jaurlaritzara. Joan den urtean lanuzteak eta mobilizazioak egin izan dituzte, parekatze-akordioa betetzeko eskatzeko (autonomia-administrazioko pertsonalarekin parekatzearena), eta estatuko zein euskal administrazioetan azken urteotan egin diren murrizketen aurka agertzeko.

ELAk behin baino gehiagotan adierazi du aparteko ordainsaria kentzea eta orokorrean zerbitzu publikoetako langileen aurkako gainerako murrizketak zerbitzuen kalitatearen kaltetan doazela; hori dela-eta, gobernua premiatzen dugu kalitatezko zerbitzu publikoak garatzearen aldeko apustua egitera.