ELAk elkarretaratzeak egin ditu 25 osasun zentrotan lan baldintzak hobetzea eskatzeko
Mobilizazioak ‘Osakidetza: lan bandintzak negoziatu eta hobetu orain. Kategoria guztietzat’ lelopean egin dira.
Besteak beste, Basurtuko Ospitalean, Txagorritxuko Ospitalean, Zumarragako Ospitalean, Olagibeleko Anbulatorioan, Kabiezeseko Anbulatorioan eta Tolosako Osasun Zentroan izan dira elkarretaratzeak.
ELAk salatu du Osakidetzako langileen baldintzak 17 urte daramatzatela berritu gabe, eta Osasun Sailari egotzi dio ahalik eta akordiorik merkeena lortzea helburu duen estrategia bati eustea. Salatu duenez, Sailak kolektibo jakin batzuei zuzendutako hobekuntzak lehenesten ditu, gainerako langileen beharrak albo batera utzita.
Osasun Sailak azken asteetan Medikuen Sindikatuari guardiak handitzearen truke eskainitako 70 milioi euroek erakusten dute lan baldintzak hobetzea borondate politikoaren kontua dela, ELAren arabera. Horregatik, mobilizazio eta greba dinamika berriak sustatzen jarraituko duela berretsi du eta udazkenean greba mugagabera deitzeko aliantzak ehuntzen saiatuko dela.
ELAk aldarrikatzen du soldatak eta erosteko ahalmena hobetzea, lanaldia murriztea, behin-behinekotasuna gutxitzea, lanbide sailkapena eguneratzea, kontziliazio eta lan osasuneko neurriak indartzea, berdintasun plan eraginkor bat adostea eta langileen zein administrazioaren euskalduntzea bultzatzea.